Euskal Herriak bere kabuz erabakitzearen beharra nabarmendu du Amaiurrek Espainiako kongresuan. "Ez dugu inork gure ordez erabakitzerik onartuko, eta are gutxiago, zuek, Rajoy jauna" esan du Sabino Cuadrak.

Ildo horretan, diputatu nafarrak euskal herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatu du. "Aldaketa gertatuko da Euskal Herrian, ziur egon zaitezte horretaz", adierazi du Cuadrak.



Galdutako hiru urte

Diputatu subiranistak nabarmendu duenez, ekonomia arloan, sozialean zein politikoan, "galdutako hiru urte izan dira hauek".

Ekonomiari dagokionez, Cuadrak ukatu egin du susperraldi ekonomikorik dagoenik, eta balego ere, gizartearen gutxiengo batek soilik igarriko lukeela. "Gehiengoaren artean poztasunik ez da nabari, Rajoy jauna", esan du. Horren adibide, luxuzko autoen salmentaren gorakada dela nabarmendu nahi izan du euskal diputatuak.

Arlo sozialean, lan eskubide eta eskubide sozialen etengabeko murrizketa salatu du Cuadrak. Ildo horretan, Mozal legea, Zigor kodea eta itun antiterrorista aipatuz, eskubide eta askatasun demokratikoen aurkako PPren azken ofentsiba gogor kritikatu du euskal diputatuak.

Euskal gatazkaren konponbiderako prozesuari dagokionean, salbuespen neurriak salatu ditu Cuadrak. "Ez dago bakearen aldeko apusturik eta aurreko fasean erosoago zeundeten", esan dio Espainiako gobernuburuari. Eta honek, adierazpen nazkagarriak direla erantzun dio.

Cuadrak, bere erantzunean eta haserre, zera esan dio Rajoyri: "Moral eta etika kontuetan, errenkan jarri eta isildu zaitezte".

Bakearen aldeko apustua

Amaiurrek duela hiru urte egindako eskaintza gogoratu dio Espainiako presidenteari. Alegia, eskua luzaturik etorri zirela Madrilera eta hala ere, oraingoz ez dutela erantzunik jaso. "Errepresioa besterik ez", esan du Cuadrak. "Gure eskua luzaturik jarraitzen du, Rajoy jauna", esan dio euskal diputatuak.

"Ez dezazuela aukera hau alperrik galdu. Laster baino beranduago, bakea, askatasuna eta justizia nagusi izango dira Euskal Herrian. Harresi handiagoak erori ziren Hegoafrikan, Irlandan, Erdialdeko Amerikan, Kolonbian... bakearen adleko apustua egin ezazu", esan du Cuadrak.



@ehbilducongreso