Sozioekonomia, ustelkeria, eskubide eta askatasun demokratikoak, gatazka politikoa eta erabakitze eskubidea izango dira Sabino Cuadrak egingo duen hitzartzearen ardatz nagusiak.

Bizi dugun egoeraren irakurketa egin eta testuinguru politiko-historiko askoz zabalago batean kokatuko du Amaiurrek. Era berean, etorkizunerantz begiratu eta argi utziko du espainiar estatuaren norabide ultraliberal eta ultrazentralizatzailearen aurrean Euskal Herrian itxaropena egon badagoela eta alternatiba izan badela.

Aurten, hitzartzea egiteko ardura Sabino Cuadra diputatuarena izangon da. Bere helburua eztabaida parametro politikoetara mugatzea da, aurreko egunean Mariano Rajoyk botako dituen argudioak bana-banan desegiteko.

Horrela bada, Cuadrak argi utziko du susperraldi ekonomikoa egotekotan, herritarren gutxiengo batek soilik gozatuko duela. Are gehiago, goi klase ekonomikoek soilik igarriko duten susperraldia izango dela. Bien bitartean, herritar gehienak krisi ekonomiko eta sozialaren ondorio larriak jasaten jarraituko dutela adieraziko du diputatu nafarrak.

Ustelkeriari dagokionean, espainiar estatuaren kasuan gaitz estrukturala dela nabarmenduko du Amaiurrek. Errealitate hori ezin delako erregimen frankistara begiratu gabe ulertu. Garai hura eta 1978ko erregimenak inposaturiko gaur egungo erregimenaren arteko loturak ustelkeriari buruzko erantzun asko emango dizkigula esango dio Sabino Cuadrak Mariano Rajoyri.

Herritarren lan eskubide eta eskubide sozialen aurka Rajoyren gobernuak hiru urte hauetan burutu dituen erasoen errepasoa ere egingo du diputatu subiranistak. Eta zehazki, eskubide eta askatasun demokratikoen aurkako azken ofentsiba salatuko du Cuadrak. Alegia, Mozal Legea, Herritarren Segurtasun Legea eta Itun antiterrorista edo anti-jihadista gogor kritikatuko ditu.

Konponbiderako prozesua eta erabakitze eskubidea

Euskal gatazkaren konponbiderako prozesuari dagokionez, Alderdi Popularraren gobernuaren hiru urte hauek denbora galtzea izan direla nabarmenduko du Amaiurek. Une honetan dagoen indarkeria bakarra estatuarena dela esango dio Cuadrak Rajoyri eta hartu dituen salbuespeneko neurri guztiak aurpegiratuko dizkio.

Bukatzeko, euskal koalizioak etorkizunerantz begiratu eta bizi dugun krisi larria gainditzeko egin behar den bidea azalduko du. Euskal herritarren erabakitze eskubidea Amaiurren hitzartzearen beste ardatz nagusietakoa izango da. Rajoyk aukera izango du burujabetzaranzko euskal bidea zertan datzan ezagutzeko.

Ebazpen proposamenak

Amaiurrek, denera, lau ebazpen proposamen aurkeztuko ditu. Euskal gatazka politikoari buruzkoa lehena, erabakitze eskubideari buruzkoa bigarrena, Nafarroari buruzkoa hirugarrena eta murrizketei buruzkoa azkena.

@ehbilducongreso