Bihar terrorismoaren aurkako Lege Organikoaren tramitazioari hasiera ematea onartuko dute Espainiako Diputatuen Kongresuan. Hau da, PPk eta PSOEk joan den astean sinatutako Estatu Ituna lege gisa onartzeko prozesua abiatuko da.

Aspaldion sekula ez da horrelakorik gertatu. PPk bakarka sustatu zituen Herritarren Segurtasunerako Legea (mozal legea) eta Zigor Kodearen erreforma (oso babes urria izan zuen, UPNrena kasu), baina oraingoan Rajoyren gobernuak PSOEren laguntza jaso du Estatuak inposatu nahi digun agenda sekurokrata horri forma emateko.

Oso gertaera larria da. Izan ere, bi alderdiek onartu duten testu orokorretik harago, itunaren letra txikiak argi erakusten du azken hiru urte hauetan PPk ordenamendu juridikoan egin dituen erreforma guztiak txertatu direla. Parisko atentatuak gertatu baino lehen ere aldaketa horiek Parlamentuan tramitatzen ari ziren, eta horrek pentsarazten digu jihadismoa PPren eredu sekurokrataren aplikazioari azken bultzada emateko aitzakia hutsa dela.

Hitzarmenaren edukia ikusita, oso argi dago ez dela jihadismoaren kontrako itun bat, herritarren kontrako ituna baizik. Hala, esaterako, "terrorismotzat" jotzen diren jardueren eremua ezin zabalagoa da: Koroaren kontrako delituak, "askatasunaren kontrakoak" nahiz "desordena publikoak" aipatzen dira, besteak beste. Ezarritako ordena konstituzionala, instituzionala, ekonomikoa edo soziala iraultzea helburu duen ekintza oro hartu ahalko da terrorismotzat.

Ikuspegi horretatik, Kataluniako edo Euskal Herriko prozesu subiranistak ekintza terroristatzat jo daitezke. Halaber, egungo eredua zalantzan jarriz herritarrek egiten duten edozein protesta sozial ere ekintza terroristatzat har daiteke hemendik aurrera, guztiz baketsua izan arren.

Gainera, itunaren aplikazioak eragin berezia izan dezake Euskal Herrian. Gogoan izan behar dugu PPk egin dituen erreforma judizialetako askok Euskal Herria kolpatzen dutela bereziki. Espetxe politikaren arloan egindako aldaketak oso adibide argia dira.

Lehenago ere, Espainiako Estatuko Zigor Kodea Europako gogorrenetako bat zen. Ez zuten itun hau behar jihadismoari aurre egiteko. Kontua da Estatuak, PP eta PSOE buru dituela, kosta ahala kosta blindatu nahi dituela 1978ko erregimenak inposatu zizkigun eredu sozial, ekonomiko eta politikoa nahiz lurralde egitura. Eskubide eta askatasun demokratikoen kontrako estatu kolpe baten aurrean gaude.

Nolanahi ere, eta testuinguru zabalago batean, itun horrek dimentsio politiko are handiagoa hartzen du.

PSOEk, itun horri gutxi iritzita, hezkuntzaren arloan beste itun bat egitea eskaini dio PPri. Zer esan nahi du horrek? Zein itun eskainiko dio bihar PSOEk? Eta etzi? Zenbat itun gehiago eskainiko ditu? Nora iritsi nahi dute?

Eta hemen, Euskal Herrian, zer pentsatzen dute horretaz PSEko eta PSNko oinarriek? PPren eta PSOEren arteko bat egite horren alde daude?

PP-PSE itunaren helburua gaur egungo statu quo-a polizialki blindatzea da. Gainera, gure ustez, itun hori gaur egungo Estatu ereduaren defentsan lerroak estutzeko asmoz egin daitezkeen beste itun batzuetako lehena izan liteke.

Bihar, terrorismo delituei buruzko Lege Organiko proposamenaren tramitazioaren kontra bozkatuko du Amaiurrek.

@ehbilducongreso