Iberoamerikako gaietarako batzordeak Kolonbiako bake prozesuaren aldeko mozioa onartu du gaur Amaiurren ekimenez. Nahiz eta Alderdi Popularrak hasierako testua aldatu, koalizio subiranistak ontzat eman du.

2014ko azaroan Donostian egin zen Kolonbiako bake prozesuaren aldeko konferentziaren haritik erakunde ezberdinetan EHBilduk martxan jarri dituen ekimenen baitan kokatzen da gaur Espainiako Senatuak onartu duen mozioa.

Alderdi Popularrak, ordea, aldaketa batzuk egin dizkio Amaiurren ekimenari. Esaterako, PPk uko egin dio bake prozesuan murgildutako eragile guztiak zoriontzeari eta soilik, Kolonbiako herria eta gobernua, tartean, Juan Manuel Santos presidentea, aipatzea onartu du.

Hala ere, Amaiurren ustez, "are larriagoa da gatazkaren humanizazioan, borrokaldien etetean eta alde bakarreko su etenean urratsak eskatzen zituen puntua ukatu izana". Urko Aiartza senatariaren arabera, "onartezina da gatazka baretzeko eskaerari uko egitea, jakinik, negoziazio mahaian dagoen puntu garrantzitsuenetakoa dela, eta are gehiago, milaka pertsonen bizia jokoan dagoenean".

Aldaketa aldaketa, Amaiurrek ontzat eman du azken testua. Azken finean, esan du Aiartzak, "Kolonbiako bake prozesuari bere babesa emateko eta Europako Batasuneko erakundeetan bakearen sendotzearen aldeko ekimenak sustatzeko eskaria luzatzen zaio Espainiako gobernuari".

@ehbilducongreso