Hassanna Aalia ekintzaile sahararra kanporatzeko arriskua salatu du Amaiurrek. Aaliak 26 urte ditu eta 2010eko Gdeim Izikeko protesta kanpamendu baketsuan parte hartzeagatik lau hileko espetxe zigorra ezarri zioten agintari okupatzaile marokoarrek.

Hala ere, 2011ko urrian, Euskal Herrira etortzeko aukera izan zuen Hassanna Aaliak. El Aaiunera itzultzeko bi hilabete falta zirela, ordea, Gdeim Izikeko gertakariengatik epaituko zituzten ekintzaileen artean agertu zen bere izena eta asilo politikoa eskatu behar izan zion Espainiako gobernuari.  Geroztik, gure artean bizi da Hassanna.

2013ko otsailaren 17an Rabateko epaitegi militar batek Hassanna Aalia eta beste 24 ekintzaile sahararri bizi osorako espetxe zigorra ezarri zien.

Atzo, urtarrilaren 19an, Espainiako gobernuak asilo politikoa ukatu eta Mendebaldeko Saharara kanporatuko zuela jakinarazi zion Espainiako Gobernuak Hassanna Aaliari.

Horregatik guztiagatik, Aaliari asilo politikoa eman eta ez dezala kanporatu eskatu dio Amaiurrek Espainiako gobernuari. Hori egingo balu, ekintzaile sahararra bizi osoa emango luke espetxean.

Nabarmentzekoa da, Aaliak era baketsuan bere herriaren autodeterminazio eskubidearen alde borrokan jardun duela beti eta hala ere, hainbat aldiz atxilotu eta torturatu dute Marokoko segurtasun indarrek.

@ehbilducongreso