Koalizio subiranistaren arabera, Muratbek Ketebayevek errefuxiatu estatusa dauka eta Nursultan Nazarbayeven erregimenaren aurka egiteagatik dago erbesteratua.

Amaiurrek salatu dituen gertaerak joan den larunbatekoak, abenduaren 27koak dira. Ketebayev Alexander Pavlov Kazakhastango disidentea bisitatzera zihoanean atxilotu zuen polizia espainiarrak hotelean. Barne ministerioak, ordea, Interpolen aginduari jarraiki, ez du kontuan hartu Muratbek Ketebayevek errefuxiatu estatusa duenik nahiz eta berak hala adierazi. Atzo bertan, epaileak Kazakhastango oposizioko kide honen espetxeratzea agindu zuen.

Salagarria da ere bai, Espainiako estatuak hainbatetan atxilotu dituela Kurdistan eta Txetxeniako jatorria duten errefuxiatu politikoak. Kasu horiek guztietan beraien errefuxiatu estatusari muzin egin die Espainiako gobernuak.

Atxilotzeaz gain, estradizio prozesuak ere hasiak ditu Espainiako estatuak. Euskal koalizioak nabarmendu nahi du errefuxiatu estatusak lurralde gaindiko efektua duela eta 1951ko Nazioarteko Hitzarmenak berak hala adierazten duela.

Errefuxiatu baten estradizioa "non refoulement" edo "ez itzultze" delako printzipioaren aurkakoa dela zehazten du 1978an Espainiako estatuak sinatu zuen 1967ko Errefuxiatuaren Estatutu eta Protokoloaren Genevako Hitzarmenaren 33.1 artikuluak.

Kazakhastandarra bezalako hainbat erregimenek bilatze eta atxilotze agindua darabilte beraien aurkako oposizioko kideak munduan zehar atxilotu ditzaten. Kasu hauetan, espainiar agintariek ez diote soilik errefuxiatu estatusari muzin egiten, atxilotua espetxeratu eta berau estraditatzeko mehatxua ere urte luzez mantentzen dute.

Arrazoi hauengatik guztiengatik, Muratbek Ketebayeven berehalako askatasuna eskatu du Amaiurrek.

Senatuan bertan, atxiloketa honi buruzko idatzizko hainbat galdera egin ditu Urko Aiartza senatariak.

@ehbilducongreso