2014an, estatuko egoera politikoak berretsi egin du Alderdi Popularraren gobernua zeharo ultra dela. Ultranazionalista, ultrazentralista eta ultraliberala.

Sozioekonomiaren arloan, PPk politika neoliberalak eta antisozialak ezarri ditu. Horixe izan da haren ezaugarri nagusia. Espainiako Gobernuak ez du herritarrentzat gobernatzen, korporazio ekonomiko eta espekulatibo handientzat baizik.

Gasteizko eta Iruñeko gobernuek zorrotz aplikatu dituzte politika horiek, Madrilekiko mendekotasun nabaria erakutsiz, eta ondorio sozial eta ekonomiko larriak izan dituzte Euskal Herrian: enplegu suntsipena, prekarizazioa, eskubide laboral eta sozialen galera. Hitz gutxitan esanda, Alderdi Popularraren politikek gizartea pobretzen dute, hitzaren adiera guztietan, aberatsen eta pobreen arteko arrakala handituz.

Politikaren arloan, 2014an berriro egiaztatu da Estatuak eta Rajoyk ez dutela eskaintza demokratikorik Euskal Herriarentzat. Gure herriari dagokionez, ukazioa eta inposizioa izan dira haien esku-hartzearen ardatza, beti bezala.

Konstituzioaren balizko erreformaren inguruko jarrerek oso argi erakusten dute Espainiako legediak Euskal Herria ukatzeko eta erabakitze eskubidea giltzapetzeko hormak zimendatzen jarraituko duela. Gainera, eta hori da kezkagarriena, zantzu guztien arabera badirudi EAJ prest dagoela gure etorkizuna hipotekatuko lukeen fartsa batean parte hartzeko, iruzurra legitimatuz.

Herri gisa eragiten diguten gai nagusiei dagokienez, Estatuak gerra estrategiari eusten dio. Euskal Herritik nahiz nazioarteko hainbat eremutatik egiten diren urratsak zapuzten eta gutxiesten jarraitzen du. Estatuaren erantzun bakarra bizkarra ematea da.

Euskal Herria subjektu gisa aitortzea, erabakitzeko eskubidea onartzea eta gatazka konpontzea ez daude gero eta legitimitate urriagoa duen gobernu arduragabe honen agendan.

Madrilen ez dago arduraz jokatzeko borondaterik ez gaitasunik. Horren ordez, gobernuak salbuespen politikak aplikatzen eta presoak jazartzen jarraitzen du, estrategia horretan epaileak erabiliz eta espetxe politikari buruzko Europako arauei muzin eginez.

Inboluzio antidemokratiko nabaria gertatzen ari da. Estatuaren jokabidearen oinarriak ukazioa, inposizioa eta oinarrizko eskubideen urraketa dira, eta estatuko indar politiko nagusiek ez dute ezertxo ere egiten horren aurrean. Beraz, Euskal Herriari irtenbide bakarra geratzen zaio: bere bidea egitea, Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat.

Gure herriak irtenbideak eta eskubideak nahi ditu, bere borondatea errespeta dadila eskatzen du. Eta hori ez da Madriletik etorriko. Gaur egungo egoera politiko eta soziala ikusita, inoiz baino argiago daukagu Euskal Herriak eskueran dituen tresna guztiak erabili behar dituela bere etorkizuna eraikitzeko eta erabakitzeko. Arlo guztietan erabakitzeko eskubidea.

Horretarako, euskal bidea hartu behar dugu, gure bidea, inoren baimenaren zain egon gabe egunez egun eraiki beharko dugun aldebakarreko bidea. Historiak erakutsi digun bezala, Madrilgo gobernuek sekula ez dituzte aintzat hartuko gure beharrak eta lehentasunak. Geuk hartuko beharko ditugu gure erabakiak. Etorkizuna gure esku dago, eta Amaiurrek lanean jarraituko du hala izan dadin.

@ehbilducongreso