Iker Urbina Amaiurreko diputatuak Espainiako gobernuko presidente ordeari erantzun dio, esanez, "Espainiako estatuan jende askoren giza eskubideak urratzen direla".

Euskal gatazkaren harira, Urbinak gogorarazi du, kartzela politikak eta sakabanaketak euskal presoen giza eskubideak urratzen dituztela. "Are gehiago", azpimarratu du: "Espainiako gobernuak onartu dituen erreformen ondorioz, sortutako salbuespen egoerak sakondu egin du urraketa hori".

Urbinak salatu egin du torturaren inguruan Gobernuak daukan jarrera "odoltsua". "AEBtan torturari buruzko txostenak argitaratu dira, baina Espainiako estatuan guztiz kontrakoa egiten da", esan du.

Bere arabera, "Gobernuak behin eta berriro uko egin dio torturaren gaineko informazioa emateari, eta informazioa ezkutatu egin du". Urbinaren ustez, ezinbestekoa da tortura kasuak ikertzea.

Amaiurreko diputatuak azpimarratu egin du nazioarteko erakundeek behin baino gehiagotan kondenatu dutela Espainiako estatua tortura kasuak ez ikertzeagatik.

Diputatu independentistaren berbetan, krimenengatiko epaiketen legean egin nahi duten erreforma dela eta, nazioarteko hainbat eragilek inkomunikazioa desager dadila eskatu dute. Izan ere, hauen ustez, jatorrian bertan dauka legeak atxilotuak torturatzeko arriskua. Hala ere, erreformak ez du inkomunikazioa desagerrarazten.

Gainera, Urbinak esan du PPren Gobernuak dituen migrazio politikek zein politika sozialek etengabe zapaltzen dituztela pertsonen oinarrizko giza eskubideak.

Ondorioz, "onartezina da presidente ordeak esatea Espainiako estatuan Giza Eskubideak errespetatzen direla", amaitu du Urbinak.

@ehbilducongreso