Amaiurreko diputatuak gogor gaitzetsi du erregimen frankistako 19 goi arduradun atxilotu eta estraditatzeko justizia argentinarrak egin duen eskaera ez betetzeko Espainiako gobernuak hartutako erabakia.

"Ez da berria Alderdi Popularraren eta erregimen frankistaren arteko lotura", esan du Jon Inarrituk. Bere hitzetan, adibide ugari dago; "memoria historikora zuzendutako laguntza ekonomikoak eteteko erabakia, bigarren mundu gerrako boluntario nazi batzuei emandako saria eta 78ko torturaren batzordeko informazioa ez emateko erbakia".

Ildo horretan, Inarrituk gogor kritikatu du 1977ko amnistiaren legea. "Nazio Batuen Erakundeak berak ere esan du lege horrek ez duela balio genozidioen eta gizateriaren aurkako delituen aurka egiteko".

Diputatu subiranistak egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu du erregimen frankistako biktimentzat.

Jon Inarritu, Sabino Cuadra eta Iker Urbina izan dira Amaiurren izenean kereila argentinarraren alde Espainiako diputatuen kongresuan egin den ekitaldira hurbildu direnak. Bertan egin ditu adierazpenak Jon Inarritu diputatuak.

@ehbilducongreso