Sabino Cuadra diputatuak esan du horrelako obra handien adjudikazioak daudela ustelkeria kasu askoren oinarrian.

2005ean, AENAk 28,2 milioi euro bideratu zituen Noaingo aireportua handitzeko lanetara. Hala ere, 2008tik 2013ra bitartean aireportu horretako bidaiari kopurua %65 jaitsi da.

AENAk 2005ean egindako aurreikuspenen arabera, Noaingo aireportuak milioi bat bidaiari hartuko zituen 2020an, baina 2013an 155.939 bidaiarik soilik erabili zuten azpiegitura hori.

Diputatu subiranistaren iritziz, hori ez da krisi ekonomikoaren ondorioz gertatu, aireportuen erabiltzaile kopurua %5 soilik jaitsi baita estatuan.

Haren ustez, "administrazioak arduragabekeria osoz jokatu du, inolako zorroztasun tekniko eta administratiborik gabeko txosten eta aurreikuspenetan oinarrituta".

Horregatik, Cuadrak galdetu du zergatik ez diren bete AENAk bere garaian egindako aurreikuspenak. Gainera, jakin nahi du ea gertatutakoa argitzeko espedienteren bat ireki den, "zantzu guztien arabera erantzukizun administratiboak eta penalak egon baitira proiektu arduragabe horren onespenaren inguruan".

Era berean, Amaiurrek Ana Mato sustapen ministroaren eta AENAko presidentearen agerraldiak eskatu ditu.

@ehbilducongreso