Amaiurrek oso diskurtso gogorra eta kritikoa egin du ez soilik Rajoyren gobernuaren aurka, baita estatuaren beraren aurka ere. Xabier Mikel Errekondo bozemaileak esan du "gobernuak nahikoa arrazoi dituela ustelkeriaren arazoa ez konpontzeko, azken finean, statu quoa defendatzen baitu". Bere ustez, "elite politiko, ekonomiko, polizial, judizial eta elizarengandik elikatzen den ustelkerian oinarriturik dago indarrean dagoen estatu eredua".



Ustelkeria egiturazkoa dela eta berau, 78ko erregimenarekin lotuak egoteagatik pairatzen dugun defizit demokratikoaren ondorio dela esan du Errekondok. "Delako birsortze demokratikoak ez du ezer berririk ekarriko, are gehiago, ustelkeria gehiago ekarriko du", adierazi du diputatu subiranistak.

Bere esanetan, "usteldua dagoena ezin da berreskuratu". Horregatik, "beharrezkoa da, haustura demokratikotik abiatuta, estatu berri bat eraikitzea". Bere hitzetan, "Euskal Herrian ziur gaude gure etorkizunaren berme bakarra estatu ustel honekiko haustura dela".

Rajoyren konplizitatea

Errekondoren arabera, egoerak eskuetatik ihes egin dio Alderdi Popularrari. Horregatik, bere ustez, ustelkeriarekin Rajoyk berak duen konplizitatea ikusirik, herritarrek Estremerako espetxean eta soineko marradunez imajinatzen dute presidentea.

Bukatzeko, Errekondok adierazi du, "ustelkeria zuri edo legala, legea bera aldatu edo manipulatzea ere bada, Espainiako konstituzioaren 135. artikuluarekin egin zuten bezala. "Bien bitartean, milaka familia kalera bota dituzten bankuei ipurdia garbitzen ari zaie gobernua", esan du.

Horregatik guztiagatik, bere ustez "langabezian dauden bost milioitik gora pertsonek eta etxerik gabe geratu diren milaka herritarrek eskubide osoa dute ez harri bakarra jaurtitzeko, asko jaurtitzeko baizik".

@ehbilducongreso