Amaiurreko diputatuak arrosa banarekin sartu dira gaur Espainiako kongresuan Josu Muguruza, duela 25 urte hil zuten Herri batasuneko kide eta hautetsiaren oroimenez.

Tribunatik bertatik, Rafa Larreina diputatuak "azken 25 urte hauetako isiltasun handia" salatu du. Bere esanetan, pertsona askorentzat "eskandalagarria" izan den isiltasuna. Josu Muguruzaz gain, Iñaki Esnaola, atentatu hartan larriki zauritu zuten hautetsia ere izan du gogoan Larreinak.

"Arrosa hauekin, 25 urte hauetako isiltasuna, injustizia hura jasan zuten pertsonen errekonozimendua eta oroimena aldarrikatu nahi dugu", esan du. Ildo horretan, "biktima guztientzat egia, justizia eta errekonozimendua" aldarrikatu ditu diputatu subiranistak.

Horrezaz gain, adiskidetzearen beharra ere nabarmendu du Larreinak.

Beste biktima batzuk

Amaiurreko diputatuak, Muguruzaz gain, Santi Brouard eta beste biktima batzuk ere izan ditu gogoan.

@ehbilducongreso