Urko Aiartza senatariak Mohamed Abdelaziz, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko (SEAD) presidentearekin egoteko aukera izan du egun hauetan Madrilen egiten ari diren Sahararen aldeko EUCOCO jardunaldien 39. edizioaren baitan. Aiartzak, Saharako herriarekiko euskal subiranisten babes osoa adierazi dio Abdelazizi.

"Espainiar botere kolonialak Saharan izan zuen jarrera doilor hartatik 39 urte bete direnean datoz Madrilgo jardunaldi hauek", esan du euskal senatariak. Eta gogoratu du, "espainiar estatuak ez zituela eta ez dituela oraingoz nazioarteko legeriak eta bere eginbeharrak bete".

Bere esanetan, "Saharako herriak gaur egun bizi duen egoeraren erantzule da espainiar estatua" eta gogoratu duenez, "nazioarteko legeriaren arabera, espainiar estatua da gaur gaurkoz, Sahara Mendebaldeko administratzailea". Ildo horretan, Espainiako gobernu orok zein espainiar botere ekonomikoak Rabaten aurrean izan duten "belaunikatze jarrera" gogor salatu du Aiartzak.

Euskal senatariak independentziarako Saharako herriak duen eskubide osoa defendatu du. Horregatik, "orain arte bezala, aurrerantzean ere, Fronte Polisarioa eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren alboan egongo garela" adierazi du Urko Aiartza Amaiurreko senatariak.

@ehbilducongreso