Rafa Larreina diputatuak "harrigarritzat" jo du Kolonbiako bake prozesuarekin Espainiako gobernuak azaldu duen jarrera. "Guri ondo iruditzen zaigu, azken finean, gu ere Kolonbiako bake prozesuaren alde gaudelako", esan du. Hala ere, Rajoyren gobernuaren jarreran kontraesan handi bat dagoela nabarmendu du Larreinak. Bere hitzetan, "Euskal Herriko bake prozesuan ez da Kolonbiakoan erakusten ari den irizpide bera erabiltzen ari".

Bere ustez, "askoz ere errazagoa da Kolonbian aplikatzen ari diren elkarrizketa, negoziazio eta akordiora iristeko irizpideak Euskal Herrian ezartzea".

"Kolonbiako prozesuari buruz esaten duena hemen egin beharko lukeela" dio Larreinak. Horregatik guztiagatik, diputatu subiranistak dei egin dio Rajoyren gobernuari ETArekin kontaktuan jarri eta arma gabetzearen auziaz hitz egin dezan. "Espainiako gobernuak koherentea izan behar du eta bere eremuan ardura bera erakutsi", esan du euskal diputatuak.

@ehbilducongreso