alaber, urtegia handitzeko proiektuan egon litezkeen erantzukizun tekniko, administratibo eta politikoak zehazteko ikerketa sakona eskatu du.

Amaiurrek legez besteko proposamen bat aurkeztu du, uztailean aurkeztu zuen eta oraindik eztabaidatu ez denaren osagarri. Proposamenean bi eskaera zehatz egiten dizkio gobernuari: batetik, Esako urtegiko lanak geldiaraztea; bestetik, lanen adjudikazioa jaso duen enpresaren eta proiektuaren kudeaketan parte hartu duten arduradun politiko eta administratiboen artean egon daitezkeen elkar aditzeak ikertzea.

Proiektuan aldaketa ugari egin direla eta hasierako aurrekontua %332 handitu dela kontuan izanik, koalizioaren ustez "zilegia eta nahitaezkoa da galdetzea ea aldaketa horiek arduragabekeria tekniko eta administratibo ugarien ondorioa besterik ez diren ala, aitzitik, datuak manipulatu eta ezkutatu egin diren, askotan gertatzen den bezala, hasierako kostua biderkatzeko eta, horrela, lanen adjudikazioa jaso duten enpresen (ACS, Ferrovial eta FCC enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkartea) eta administraziotik bertatik hori ahalbidetu dutenen irabaziak handitzeko".

Amaiurrek gogoratu duenez, Jaume Matasek jarri zuen Esako urtegia handitzeko lanen lehen harria, Ingurumen ministroa zelarik, eta gaur egun hamabi delitugatik auzipetuta dago (prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, funts publikoen bidegabeko erabilera, bidegabeko jabetzea, agiriak faltsutzea, influentzia-trafikoa eta kapitalak zuritzea) eta dagoeneko sei urteko espetxe zigorra ezarri diote.

Ebroko Ur Konfederazioa

Gainera, Sabino Cuadra diputatu subiranistak salatu duenez, CHE "gezurretan ari da" eta "gero eta nabariagoa da Konfederazioa, nahita, informazio faltsua ematen ari dela etengabe". Horri dagokionez, diputatu nafarrak esan du CHEk "kezkatzeko moduko gaitasunik eza" erakusten duela lanetan dauden segurtasun arazoak definitzeko eta zehazteko orduan.

Galdera sorta

Legez besteko proposamenaz gain, euskal koalizioak galdera sorta bat ere erregistratu du.

Cuadrak jakin nahi du gobernuak zergatik aldatu duen behin eta berriro hasierako proiektua. Halaber, jakin nahi du ea Rajoyren gobernuak egon daitezkeen erantzukizun tekniko, administratibo eta politikoak zehazteko ikerketaren bat egiteko asmorik duen. Azkenik, lanak adjudikatu zaizkion enpresaren eta proiektuan parte hartu duten arduradun politiko eta administratiboen artean egon daitezkeen elkar aditzeak ikertzea beharrezkoa iruditzen zaion galdetu dio Cuadrak gobernuari.

@ehbilducongreso