Urko Aiartza eta Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuen iritzi artikulua:

Siriaren administraziopean dagoen Kurdistango (Rojava) Kobane hiriak Estatu islamiarra delakoaren erasoaldiari aurre egiten dio. Erasoaldi honek lurralde horretan garaturiko autonomia suntsitzea du helburu, bere kultu-aniztasun, laikotasun eta sistema demokratikoa dela eta etsenplua den errealitatea. Nazioarteko Koalizio-kide diren Estatuek, genozidio berri bat ekidin asmoz, YPGari babesteko operazioak bideratu badituzte ere, Turkia bezalako beste estatu batzuek boluntario zein laguntza materiala iristea oztopatzen dute, NBEren deialdiak berak desobedituz.

Uda honetan Irakeko Ninive probintzian Estatu Islamiarrak zabalduriko erasoak gutxiengo erlijioso zein etnikoen sarraskia ekarri du, ehunka emakume esklabo gisa saldu izan dituztelarik. Indar kurdu desberdinen erantzun bateratuak ondorio larriagoak ekidin zituen baina halere egungo Kurdistaneko Eskualde Autonomoak milaka errefuxiatu jaso zituen, krisi humanitario larria sortuaz. Egun eskualdea oraindik mugaldetik datozen erasoen arriskupean dago. Kurdistaneko Gobernu Erregionalak nazioarteko komunitateari deialdia luzatu dio ISIS delakoa gelditu eta errefuxiatuei laguntzeko. Egun nazioartearentzat. zoritxarrez lehentasuna ISIS petrolio ustiaketetatik urrun mantentzea da.

Berriro ere herri kurdua (dela ipar, ekialde, mendebalde edo hegoaldean )errepresio etengabearen biktima da. Estatu islamiarra dela, Al Assaden errejimena dela, Erdoganen gobernua edota Iraneko errepublika islamiarra, herri kurdua beti dugu biktima. Hori dela eta nazioarteko interbentzioak baino herri kurduaren batasuneko erantzuna da guk lehenesten duguna. Gure iritzian garaia heldu da elkartasunetik haratago, herri honekiko laguntza humanitarioaz gain, beharrezkoa duten laguntza armatua bidera dezan nazioarteak, horretarako beharrezko diren baimenak bideratuaz, kurduak berak izan daitezen integrismo sektario honen aurka eta bere eskubideen alde borroka egiteko aukera dutenak.

NBEk, ordezkari Iraki zein Kurduek eskatuta bi ebazpen onartu ditu EI gisako taldeek buruturiko sarraski zein biolentziaren aurka neurriak baimenduz. Egun, ekialde hurbilean aritzeko koalizioa 50 estatu baino gehiagok osatzen dute. Legalitatea oinarri, ezarritako helburua eta kontuan izanik bertako ordezkari kurduak eskatua dela esku-hartzea ezin dugu aurka egin. Baina egia esan zalantza asko sortzen dizkigu. Gogora dezagun 2003an milaka herritarren heriotza suposatu zuen gerra eta okupazio ilegala hasi zela. ¿ garai horretan txikizioa burutu zuten bazkideak al dira egun herri kurdua defendatuko dutenak? Ba al dago berdina gertatukoez denaren bermerik? Gure iritzian orduko okupazioa bideratu zuten estatuek hobe lukete laguntza humanitariora zein armen eskaintzera mugatu bere iharduna.

Asteazken honetan Diputatuen kongresuak 300 espainiar soldadu Irakera bidaltzea baimenduko du. Gure iritzian hau ez da Estatuak gatazka honetan laguntzeko duen modurik hoberena. Gogora dezagun Espainia Azoreetako akordioaren parte izan zela, Irakeko petrolioa banatze begira milaka herritarren heriotza ekarri zuen okupazioaren oinarria izan zena, asmaturiko hainbat aitzakiapean. Ordukoak oraindik argitu beharrean daude epaitegietan. Gogora dezagun ere hainbat militar espainiar atxilotuak Diwaniyan (Irak) torturatzeagatik epaituak izaten ari direla. Era berean Morenes ministroaren adierazpenek ( "afera ez da soilik Estatu Islamiarra gelditzea baizik eta Iraki estatu estruktura nahikoa indartsuak eskaintzea Herriaren batasuna mantendu ahal izateko" ) espainiar estatuaren lehentasuna argiki azaltzen dute. Beraz, gure iritzian, Espainiak ez du inolako legitimitaterik armada bidali ahal izateko.

Hori dela eta, nahiz eta gu ez gauden herri kurdu zein irakiarrak eskaturiko eta NBEren markopean burutuko den operazio baten aurka, ez dugu Espainiar armadaren inolako troparik bidaltzea babestuko.

Ez gara inozoak, badakigu ISIS delakoaren eraso bortitzaren aurrean kurduek eskaturiko laguntza humanitario zein arma eskaerari positiboki erantzun behar zaiola. Ez al zuen bera egin Eusko Jaurlaritzak faxismoaren aurrean 1936ean? Horregatik Amaiurrek, herri kurduarekiko zein ekialde hurbileko beste herriekiko elkartasunean, laguntza humanitarioa zein armamentuzkoa lehenetsi dadin galdatzen du. Hala nola Turkiak herri kurduaren alde borrokara doazen boluntarioekiko errepresioa eta oztopoak amai ditzan gestioak egin daitezela. Biji Kobane! Biji Kurdistan!

@ehbilducongreso