Azken egun hauetan Sevilla II eta Soto del Realeko espetxeetan izandako gertakariei buruzko hainbat galdera egin ditu euskal koalizioak.

Andaluziako espetxeari dagokionean, "mozkortuta" egoten den funtzionario batek presoei egiten dizkien miaketez eta beraiekin izaten duen jarrera oldarkorraz galdetu dio barne ministerioari Iker Urbina diputatuak. Urbinak jakin nahi du "giza eskubideen urraketa" horiek saihesteko neurririk hartuko duen ala ez gobernuak.

Madrilgo Soto del Realeko espetxean aldiz, "vis a vis-etara" doazen senideak biluztu arazten dituztela salatu du Etxeratek. Funtzionarioei hori egiteko agindurik eman dien ala ez galdetu dio gobernuari Urbinak.

Bere esanetan, gertakari hau "giza duintasunaren aurkako erasoa izateaz gain, senideak biluztu arazteaz Konstituzio Epaitegiak kaleraturiko ebazpenen aurkakoa ere bada".

Jose Miguel Etxeandia

Topaseko espetxean (Salamanca) dagoen Larrabetzuko presoaren egoeraz ere galdetu du Amaiurrek. Izan ere, Etxeratek salatu duenez, Etxeandiari joan den irailaren 22an zegokion terapia psikologikoa ukatu zion espetxe zuzendaritzak, nahiz eta eskaera hamabost eguneko aurrerapenaz egin zuen preso bizkaitarrak.

Terapia sesioa ukatzeko arrazoiez galdetu du Urbinak.

@ehbilducongreso