Alderdi Popularraren gobernuak 2015erako aurkezturiko estatuaren aurrekontu orokorrak, aurrekoen jarraipena dira eta ekonomia espekulatiboaren interesei eta finantza zein ekonomia talde handien interesei begira eginak daude

Era berean, politika birzentralizatzaileak indartzeaz gain, Euskal Herriko errealitate politiko, ekonomiko eta sozialarekin talka egiten dute. Gainera, aurrekontuok gure herriak bere etorkizuna eta bere eredu ekonomiko eta soziala erabakitzeko duen eskubidea urratzen dute.

Horretaz gain, 2015eko estatuko aurrekontu orokorrek lan prekarietatea sustatu eta langileen eskubideak murrizten dituzte. Esan beharra dago, gainera, langabezia politiketara bideraturiko diru kopurua nabarmen jaitsi duela Alderdi Popularrak (iaz baino %14,9 gutxiago).

Desberdintasun handiagoak

Neurri ultraliberalez beteriko egiturazko erreformak egiten hasi zirela hiru urte igaro direnean, estatu osoan gizarte desberdintasunak ugaldu egin direla nabarmendu beharra dugu. Baita Euskal Herrian ere. Panorama samingarria, zalantzarik gabe.

Estatuko etxe eta familien arteko errenta desberdintasuna nabarmen handitu da, Letonia eta Bulgariaren parera iristeraino ia (2014ko FOESSA txostena). Desberdintasunen ugaltze honen adierazle grafiko argia da esaterako, aberastasun handiena duten herritarren ehuneko 20en eta txiroenak diren herritarren ehuneko 20en errentaren arteko desberdintasuna, ehuneko 30 gora egin izana azken urte hauetan. Ildo berean, Eurostatek emandako datuen arabera, espainiar estatuan dagoen pobrezia tasa %28,2 da, haur txiroen tasa aldiz, %19´4, eta 18 urtetik beherakoen %29,9k txirotasunean murgiltzeko arriskua dute.

Iruzur fiskala

Espainiar estatuaren arazo nagusia ez da gastu publikoa, diru sarrerak baizik. Iruzur fiskalaren arazoa estrukturala edo egiturazkoa da eta horrek murrizten ditu diru sarrerak.

Europako Batasuneko 2014ko joera fiskalei buruzko txostenaren arabera, espainiar estatuan diru sarrera publikoak Barne Produktu Gordinaren %32,5 izan ziren, Euroguneko bataz bestekotik 7,9 puntu behera (Batasuneko 21garren postuan beraz).

Ogasun politika neoliberalak inposatzen ari zaizkigu gobernua. Datorren urteko aurrekontu orokorrek BEZa eta zeharkako beste zerga batzuen bilketa errazten dute PFEZaren (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) kalterako. Eta hori gutxi balitz, sozietateen gaineko zerga jaisteko asmoa du gobernuak.

Enpresa handiek ordaintzen duten zerga efektiboa (benetan ordaintzen dutena) %9koa da eta mila euroko soldata duen herritar batek, aldiz, %12koa. Eta zer esanik ez SICAV bezala ezagunak diren sozietateek egiten duten iruzur fiskala. Eskandalagarria.

Kupoa eta zorpetzea

Aurreko urteetan bezala, aurrekontu hauekin euskal jendarteak estatuko gainontzeko herritarrek baino %63 gehiago ordaintzen dute kupoaren bitartez.

Kupoaren bidez aurrekontu hauek inposatzeaz gain, urtero 2.000 milioi euro ordaindu arazten dizkigu Espainiako gobernuak. Are gehiago, gure aurrekontuek nolakoak izan behar duten esaten digu: erkidego autonomoAk ezin dira %0,7tik gora zorpetu eta tokiko administrazioak aldiz, %0.

Eta zorpetzeaz ari garenean, zorpetze ez-legitimoaz ari gara. Izan ere, estatuak baNkuekin duen zorpetze mailak aurrekontuak baldintzatzen ditu, goitik behera gainera, ezinezko egiteraino sakoneko edozein aldaketa.

Alderdi Popularraren aurrekontuen arabera, 242.765 milioi euroko zorra jaulkiko du ESTATUAK. Barne Produktu Gordinaren %101, hain zuzen. Baina okerrena zera da: hori guztia ordaintzeko lain ez dagoenez, berriz ere, zorpetzera behartuko gaituela.

Bankuak pertsonen gainetik

Hitz gutxitan, Alderdi Popularraren gobernuak urpera garamatza, ito egiten gaitu besteak beste, bankuekin dituen zorren ordainketa gastu sozialaren gainetik jartzen duelako.

Alde bakarrez inposatzen digu zor horren ordainketa, herri bezala edo eta norbanako bezala zor hori ordaindu nahi dugun ala ez galdetu gabe.

Euskal Herriaren aurkako aurrekontuak

Lege Proiektu honek Troikaren esanetara dagoen eta izena erabat belztua duen gobernuaren gaitasunik eza adierazten du.

Alderdi Popularraren politikek menpekotasunera zigortzen dute Euskal Herria. Aurrekontu hauek gure herriaren interes eta lehentasunen aurkakoak da.

Beraz, aurrekontu hauek gure herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko beste arrazoi bat dira. Euskal Herriaren beharrizanetara egokituriko politika ekonomiko eta sozialak mahai gainean jartzera bultzatzen gaituzten aurrekontuak dira.

Laburbilduz, Lege Proiektu honek gure herria burujabetzarantz bideratzeko akordioak erdiesteko beharra nabarmentzen du.

@ehbilducongreso