Espainiako Gobernuak Kataluniako Kontsulten Legearen kontra eta A-9ko erreferendum deialdiaren kontra errekurtsoa jartzeko hartu duen erabakiaren aurrean, Amaiurrek honakoa adierazi nahi du:



  • Gure babes eta elkartasun osoa adierazten diogu Kataluniako herriari.
  • Espainiako Gobernuaren erabakiak argi eta garbi erakusten du Estatua ez dela gai auzi politiko bat elkarrizketaren eta akordioaren bitartez bideratzeko. Demokraziaren kontrako eraso zuzena da.
  • Madrilek ez du ez borondaterik ez gaitasunik gure herriarentzat etorkizun duin bat, herritarren borondatearen gainean eraikitako etorkizun bat eskatzen dugunoi alternatibak eskaintzeko.
  • Estatuak ez ditu frankismoarekiko lokarriak hautsi. Haren jarrera lehengo berbera da: ukatzea eta bere proiektua inposatzea, eta "Espainia Handi eta Librea" elikatzen ez duen guztia galaraztea.
  • Herrien kartzela besterik ez den Konstituzioaren lubakian gotorturik, Rajoyren gobernuak bahituta dauka demokrazia. Espainiako legeriak ez du inolako legitimitaterik, herrien eta herritarren borondatea lurperatzera bideratuta baitago.
  • Euskal Herritik erantzun irmo eta iraunkorra artikulatu behar dugu. Herri gisa erantzun behar dugu, Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikotik, Euskal Herria erabakitze subjektu politiko gisa aldarrikatuz. Horixe da burujabetzarako euskal bidea.
  • Gaurtik aurrera, Euskal Herriaren erabakitze eskubidea defendatzen dugunok erantzukizun bat daukagu: burujabetzaranzko bide hori irekitzea, aldebakartasunez, beste batzuen borondatearen eta erabakien menpe egon gabe.
  • Ezin da erdizka ibili. Gure herrian prozesu eratzaile bat bultzatuz erantzuteko ordua da. Prozesu horren helburu nagusia euskal herritarrak beren etorkizunaren jabe izatea da.

@ehbilducongreso