Jon Iñarritu diputatua Palestinako goi ordezkari politikoekin bildu da herrialde arabaiarrera egiten ari den bidaian zehar.

Azken egun hauetan, Iñarrituk aukera izan du, besteak beste, Palestinako Kontseilu Legegileko ordezkariekin batzeko. Abdullah Abdullah Gai Politikoetarako Batzordeko presidentearekin (Al Fatah) eta Rahela Diab (Al Fatah) eta Khadila Jarrar (FPLP) diputatuekin ere izan da euskal ordezkaria. Elkarrizketa horietan giza eskubideen urraketak izan dituzte aztergai.

Horrezaz gain, Amaiurreko diputatuak "Stop the Wall" elkartearekin, Giza Eskubideen batzorde independientearekin eta presoei laguntza emateko elkarteekin batzeko aukera izan du. Besteak beste, Bi´lin herrian israeldarrek eraiki duten harresia, West Bank-eko asentamendu kolonoak eta Ramallah, Bethlehem, Hebron eta Aydako errefuxiatu eremua ezagutzeko aukera ere izan du Iñarrituk.

Euskal diputatuak adierazi duenez, "okupazioari amaiera eman behar zaio berehala" eta nazioarteari eskatu dio "gatazkan esku hartu dezala injustizia honi behin betiko bukaera emateko".

Bere esanetan, "Palestina eta Israelgo gizarteetan, gehiengo zabal bat bi estatuen arteko harremanak sendotzearen alde dago baina eguneroko errealitateak ez dio desio eta nahi horri erantzuten". "Palestinak bere estatu propioa izan behar du eta errefuxiatuek etxera itzuli behar dute egoera normaldu dadin", esan du.

Datozen gunetan ere, Palestinako eragile politiko eta sozialekin bilduko da Jon Iñarritu bertako egoera beren beregi ezagutu eta ondoren, ekimen parlamentarioak bultzatzeko.

@ehbilducongreso