Barne batzordean eztabaidatu den Amaiurren ekimenak, Guardia Zibilak Fiteron duen kuartelaren eraikuntza lanak bertan behera utzi eta berau egiteko erabili duten dirutza eskualdeko enplegu plangintza bat egitera bideratu dadila proposatzen du.



Sabino Cuadra diputatuak nabarmendu duenez, Guardia Zibilaren elkarte nagusiak berak (AUGC) ere aitortu du kuartela ez dela beharrezkoa.

Era berean, euskal diputatuak azaldu duenez, barne ministroak senideak ditu Fiteron eta jakina den bezala, udako oporretan hainbat egun igarotzen ditu bertako bainuetxean. "Adiskidetasun arrazoiak direla eta, senideak dituelako edo eta udako oporrak segurtasunean eta lasaitasunez igaro nahi dituelako, onargarria al da bi milioi euro xahutzea beharrezkoa ez den kuartel bat eraikitzeko?", galdetu du Cuadrak

Bere esanetan, "Fiterok ez du kuartelik behar, osasun zentroak baizik; enplegua sustatzea behar du, ez jauntxokeria sustatzea; herritarren bizi baldintzak hobetzea eta ez ministroaren kapritxo bategatik dirua xahutzea".

Jose Cruz Perez Lapazaran PPko diputatuaren arabera, ordea, "Amaiur gogaitzen duena Guardia Zibila Nafarroan egotea da, hau da, Espainia Nafarroan egotea".

Gogora dezagun, Fiteroko kuartel berria eraikitzen ari diren lurzoruan osasun zentro bat eraikitzekoak zirela.

IUk eta CiUk ez beste talde parlamentario guztiek bozkatu dute Amaiurren ekimenaren aurka.

@ehbilducongreso