Etnia eta erlijio ezberdinetako ehunka milaka pertsona Kobani (Siria) hirian daude ez atzera ez aurrera, Estatu Islamdarreko indar armatuen erasoaldia dela eta. Beste 300.000 inguru, Siriako hainbat eskualdeetatik joandakoak, Estatu Islamdarrak inguraturik dauzka.

Gobernuz kanpoko hainbat erakunderen arabera, joan den larunbatean, irailaren 20an, 60.000 errefuxiatuk Turkiako muga igaro zuten yihadisten erasoetatik ihesi. Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez, milatik gora dira ihesaldi horretan "desagerturiko" herritarrak.

YPG delakoaren arabera (Herri Defentsarako Unitateak) Estatu Islamdarrak lurralde osoa suntsitu nahi du. Dozenaka dira artilleriaz eta tankeez bonbardatzen ari diren herriak.

Gerra aurretik 60.000 biztanle zituen Kobanik. Gaur egun, 200.000tik gora dira. Arabiarrak, asiriar kristauak, armeniarrak, kurduak eta zirkasiarrak dira errefuxiatu gehienak. Turkiako muga eta Estatu Islamdarreko indar armatuen artean atrapaturik daude une honetan horiek errefuxiatu guztiak.

Kurdistan Hegoaldeko presidenteak (Irak) eta Kurdistango Aberri Batasuna (UKP) alderdiak nazioarteari dei egin diete nola edo ahala txikizio hori geldiaraz dezaten. PKK gerrillako gudariek Estatu Islamdarraren erasoaldiari eusteko egin duen lana nabarmendu dute ere bai.

Amaiurren ustez beharrezkoa dela nazioartearen esku hartzea eta indar kurduei laguntza bidaltzea. Egoera horren aurrean zer egiteko asmoa duen galdetu dio idatziz koalizioak Espainiako gobernuari.

Amaiurrek bere elkartasun osoa adierazi nahi dio herri kurduari.

@ehbilducongreso