Eskozia eta Kataluniako erreferendumek baldintzatuko dute 2014-2015eko ikasturte politikoa. Euskal Herriaren etorkizun hurbilean eragin handia izango duten bi gertakari garrantzitsu dira horiek biak.

Ildo horretan, nabarmendu nahi dugu erabakitze eskubidearen aldarrikapena gure herrian izaten ari den oihartzuna. Egunez egun gero eta gehiago dira autodeterminazio eskubidea defendatzen duten herritarrak.

Hori horrela bada ere, britainiar gobernuak ez bezala, espainiarrak ukazioa du ardatz: debekatu egiten du dagoen eta ariketa demokratikoenetako bat, herritarrei galdetzea. Alderdi Popularraren jarrerak erakusten du espainiar estatuaren kultura demokratiko eza (izaera guztiz antidemokratikoa).

Eskoziarra eta kataluniarra ez dira eredu bi, bakarra baizik. Eredu horrek herriei euren etorkizuna demokratikoki erabakitzeko eskubidea aitortzen die. Bestalde, espainiar eredu antidemokratikoa dugu: hitza eta erabakia ukatu eta bere estatu eredua inposatzen duena.

Trantsizio legez ezaguna den garai hartatik demokraziaranzko bidea egin ez duten estatu aparatuak guztiz artega daudela agerikoa da. Espainiar estatua ez da gai Katalunia eta Euskal Herriarekin dituen gatazkak era demokratikoan konpontzeko; elkarrizketa eta negoziazioaren bidez. Eskura dituen baliabide eta tresna guztiak erabiltzen ditu gure herrien ahotsa isilarazteko: dela gure erakundeek hartutako erabakiak atzera botatzen dituzten gobernu ordezkariak, dela gure legeak baliogabetzen dituen Auzitegi Konstituzionala, dela indar armatuen bidez, hauteskundeetan erregimeneko alderdiek lortzen ez dutena indarrez eta mehatxuz ezartzen ahalegintzen baitira...

Estatuak jakin behar du denbora kontua dela Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea gauzatuko duela. Haizeari ateak jartzea alferrikakoa da. Espainia "handi eta librea" sine die inposatuz herritarren borondate demokratikoa ukatzea alferrikakoa den bezala.

Bestalde, krisi ekonomikoaren aitzakiaz eredu sozioekonomikoa aldatzen ari dira. Beste iruzur bat. Herritar gehienei onartzea zaila zaien egoera bizi dugu. Gero eta tinkoago errefusatzen dituzte herritarrek gobernuaren politika ultraliberalak, baita elite politiko ustelaren gehiegikeriak ere.

Alderdi Popularrak ez du birsortze demokratikoaz hitz egiteko sinesgarritasunik ezta zilegitasunik ere. Izan ere, ustelkeriaren itzal luzeak PPko kide asko eta asko harrapatzen ditu, iruzurgile handiei amnistia fiskala ematen die Gobernuak, eta, gainera, hauteskunde erreformaren bidez iruzurra egin nahi du, edozein herrialde serio lotsarazteko moduko iruzurra.

Eta noski, ikasturte politiko honen beste puntu beltz batzuk dira epaiketa politikoak, sakabanaketa, presoen aurkako ankerkeria eta presoek jasotzen duten babes sozialaren kriminalizazioa.

Euskal Herriko kaleetan bezala, Kongresuan eta Senatuan ere euskal gehiengo sozial eta politikoaren aldarrikapenak entzun beharko ditu Alderdi Popularrak. Mezua argia da: euskal herritarren hitza eta erabakia errespetatu behar dituzte, besterik ez.

@ehbilducongreso