Jon Inarrituk dozenaka etorkinek hesira eginiko jauzia ikusteko aukera izan zuen. Horietatik berrogeita hamar bat bermerik gabe kanporatu zituzten Espainiako segurtasun indarrek Marokora.

Jon Inarritu Amaiurreko diputatua Melillan bizi den krisi humanitarioaren lekukoa izan da bertara egin duen hiru eguneko bidaian. Diputatu abertzalea Gurugu mendian dagoen malitarren kanpamendura hurbildu zen abuztuaren 30ean eta etorkinek, horietako asko adin txikikoak, bizi duten "gizazpiko" egoera ezagutzeko aukera izan zuen.

Euskal diputatuak azaldu duenez, Melilla inguruko mendietan dauden etorkinei ezinezkoa zaie asiloa eskatzea mugan bertan. Era berean, espainiar eta marokoar polizien erasoak eta kanporaketa sumarioak salatu zituzten etorkinek Inarrituren aurrean.

Ekimen parlamentarioak

Amaiurrek hainbat galdera parlamentario aurkeztu ditu Melillako egoerari buruzko informazioa eta Rajoyren gobernuari azalpenak eskatuz. Era berean, Jon Inarritu diputatuak barne ministroaren agerraldia eskatu du etorkinen kanporaketei buruzko argibideak eman ditzan.

Euskal diputatuaren arabera, "gertatzen ari dena oso larria da eta pertsonak animaliak legez tratatzen dituzte Espainia eta Marokoko segurtasun indarrek". Bere esanetan, "Espainiako gobernuak estatuko, Europako eta nazioarte mailako atzerritartasun lege guztiak urratzen ditu". "Dirudienez, Alderdi Popularrak ez du ulertu nahi Melillan gertatzen ari dena ez dela arazo poliziala, arazo humanitarioa baizik", esan du.

@ehbilducongreso