Amaiurrek galdera sorta erregistratu du Kongresuan, Ekialde Ertainean ISILeko indarrek komunitate etnikoen eta erlijiosoen aurka egiten ari den erasoaldi yahadistaren aurrean Espainiako Gobernuak zein jarrera daukan jakin asmoz. Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak azpimarratu du inguru horretako agintariak ohartarazi dutela gutxiengoen aurkako genozidioa gertatzeko arriskua dagoela.

 “Milaka herritar hil dituzte, eta emakume asko eta asko bortxatuak izan dira, eta gero gatibu gisa saldu dituzte. Era berean, milaka pertsona (turkiarrak eta ezidi kurduak) Shengal mendian ezkutatu behar izan dira, baina han ez dute ez urik eta ez janaririk, eta hamarnaka pertsona hil dira bertan”, esan du Uñarrituk. Gaineratu duenez, agintari kurduek zein irakiarrek laguntza eskatu diote nazioarteko komunitateari, genozidioa geratzeko helburuarekin.

Horregatik guztiagatik, Amaiurrek jakin nahi du zein iritzi duen Espainiako Gobernuak gertaera horien aurrean eta nazioarteko komunitatearekin batera arazoa kudeatzeko zerbait egin ote duen; EBko beste estatu batzuk egin duten bezala, zergatik ez duen gai honen aurrean inolako iritzirik eman oraindik; Espainiako Gobernuak agintari kurduak laguntzeko edo babesteko asmorik duen; Nazio Batuen Erakundeak inguru horretan misio bat aurrera eramatea sustatuko duen edo ez; eta amaitzeko, agintari kurduei eta irakiarrei laguntza bidaltzeko asmorik duen edo ez jakin nahi du Amaiurrek.

@ehbilducongreso