Rafa Larreinak Israelekin harreman diplomatikoak eteteko eskatu du, gutxienez, behin betiko su-etena aldarrikatu arte. Euskal diputatuak atzerri ministroari espainiar estatuak Israelen duen enbaxadorea egiten ari denari buruzko azalpenak eman ditzala eskatu dio.



Diputatu subiranistak proposatu du Musa Omar Odeh enbaxadore palestinarrak Gazan bizi duten egoera azaltzeko aukera izan dezala Diputatuen kongresuan.

Larreinak gogor kritikatu du Israel Gazaren aurka burutzen ari den ofentsibaren aurrean Espainiako gobernua izaten ari den jarrera. "Rajoyren gobernua ez da ezertxo ere egiten ari Israelgo gobernua presionatu eta su-etena aldarrikatzeko eta horrela, giza laguntza Gazara sartu eta zauriturik dauden milaka pertsonek laguntza jaso dezaten", esan du.

Euskal diputatuak gogoratu duenez, Amaiurrek eskatu dio jada Espainiako gobernuari Israelen duen enbaxadorea behin behinekoz erretiratu dezala baina PPren gobernuak entzungor egin diola eskari horri.

"Espainiar estatuak Israelekin dituen harremanak eten egin behar ditu, behin betiko su-etena aldarrikatu arte gutxienez. Eta era berean, Israelek Madrilen duen enbaxadorea kontsultara deitu behar du Rajoyren gobernuak", esan du Rafa Larreinak.

Ildo horretan, Larreinak Jose Manuel García Margallo atzerri ministroari eskatu dio espainiar estatuak Israelen duen enbaxadorea egiten ari den lanari buruzko argibideak eman ditzala. "Israelek Gazaren aurkako sarraskia gelditu, su-etena aldarrikatu eta 1,8 milioi pertsonen aurkako blokeoari amaiera eman diezaion Israelgo gobernuari zer nolako presioa egiten ari zaion jakin nahi dugu", esan du Larreinak. Euskal diputatuak berak adierazi duenez, blokeo horrek zazpi urte daramatza indarrean eta Gazako ekonomia suntsitu du horrek dakartzan arazo sozial guztiekin; ofentsibaren aurretik jada, Gazako biztanleen %80ak giza laguntza behar zuen, %40a lanik gabe zegoen eta ehuneko %39a erabateko pobrezian bizi zen.

Larreinaren arabera, Gazako egoera jasanezina da eta horregatik behar beharrezkoa da orain arte 1.300dik gora pertsona hil dituen ofentsiba geldiaraztea. Diputatu arabarrak gogoratu du ere bai, 1.300 pertsona horietatik %74 zibilak zirela eta horietatik, 243 ume baino gehiago eta gogoratu du azken egun hauetan orduro haur bat hil duela Israelek. "Nazio Batuen Erakundeak bere gain hartu behar du giza laguntza", esan du Larreinak. Bere ustez, garaia da nazioarte osoak, baita Israelek ere, Palestinako estatua aitortzeko bere biziraupen baketsua posible izan dadin.

@ehbilducongreso