Gazaren aurka Israel burutzen ari den sarraskiaren aurrean zer jarrera izaten ari den eta izango duen jakiteko galdera sorta bat aurkeztu ditu Amaiurrek Espainiako kanpo arazoetako ministeriori bideratuak.

Sabino Cuadrak Palestinarekiko elkartasuna adierazi eta Espainiako gobernuari Israeli armarik ez saltzeko exijitu dio.

Diputatu nafarrak gogoratu duenez, Israel da Nazio Batuen Erakundearen zein giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakunde askoren aldetik gaitzespen gehien jaso duen herrialdea.

Cuadrak oso gogor kritikatu du ere bai AEB eta Europako Batasunaren jarrera. "Horiek guztiek merkataritza harreman bereziak eta harreman militarra dute Israelekin", esan du diputatu subiranistak.

Idatzizko galdera sorta

Euskal koalizioak Israelen ofentsibaren aurrean Espainiako gobernua izaten ari den jarrerari buruzko urgentziazko hainbat galdera aurkeztu ditu gaur bertan.

Besteak beste, Jon Inarrituk jakin nahi du zein izan den espainiar estatuak aurrera eraman duen kudeaketa diplomatikoa Israelek bere ofentsiba militarra gelditu dezan. Era berean, Rajoyren gobernua Israelgo agintariekin kontaktuan jarri den ala ez jakin nahi du Inarrituk.

Horrezaz gain, behin betiko su etena aldarrikatzeko Europako Batasunak egin dituen ahaleginei buruzko galdera ere aurkeztu du diputatu subiranistak. Are gehiago, Europako Batasuna "Ekialde Hurbilerako Laukotea" bezala ezaguna den taldeko kide den aldetik, behin betiko su etenaren alde ahalegin handiagoa ez egitearen arrazoiez galdetu du Inarrituk.

Azkenik, Espainiako kanpo arazoetarako ministroak Gazako egoera "giza tragediatzat" jo ostean, Espainiako gobernuak Gazara giza laguntza bidaltzeko asmorik duen ala ez galdetu du Jon Inarrituk.

@ehbilducongreso