Maite Aristegi Amaiurreko diputatua eta Arri Zulaika, EH Bilduko parlamentaria, Loiuko aireportura hurbildu dira gaur AENAren pribatizazioaren aurka protestan ari diren langileei koalizioaren babesa eta elkartasuna adieraztera.

Aristegik gogoratu duenez, "AENA erabat bideragarria den enpresa publikoa da eta onartezina da Espainiako gobernuak berau pribatizatu nahi izatea". Diputatu subiranistak "ekonomiaren bizkar hezurra izan beharko lukeen sektore publiko indartsua defendatu du". Euskal diputatuak Euskal Herriaren burujabetza ekonomikoa ere aldarrikatu du "guk nahi eta behar dugun eredu ekonomikoa garatu hala izateko". AENAren pribatizazioa "gizarteari iruzur egitea" dela esan du Aristegik.

Enpresa komitearen eskaerei erantzunez, Amaiurrek ikerketa batzordea eratzea eskatuko du Espainiako kongresuan enpresa publikoaren egoera zein den zehaztu eta berau pribatizatzeko Espainiako gobernuaren argudioei aurre egin ahal izateko.

Aldi berean, EH Bilduk, AENAren Loiuko enpresa batzordearen agerraldia proposatuko du Eusko Legebiltzarreko Ingurumen eta Lurralde Politikarako batzordean.

@ehbilducongreso