Ministro Kontseiluak Lan Istripuen eta Gaixotasun Profesionalen Mutualitateen erregimena aldatzen duen lege aurre proiektua onartu du. Horren aurrean, AMIAUR koalizioak honako adierazi nahi du:

1. Funtsean, erreforma hori osasun sistema publikoa pribatizatzeko eta lan osasuna patronalaren interesen menpe uzteko urrats handia da, eta honako ondorio zehatz hauek izango ditu:

a) Gaixotzen den langilea iruzurraren susmopean egongo da beti, baja guztiek osasun zerbitzuko profesionalen bermea duten arren.

b) Osasun sistema publikoaren eskumenak ahulduko dira eta ugazaben mutualitateek botere eta funtzio berriak eskuratuko dituzte gaixotasun arrunten ondoriozko bajen arloan.

c) Garrantzi handiko urratsa egingo da enpresaburuek kudeatuko duten eta izaera pribatua izango duen osasun sistema asistentzial bat sortzeko, Espainiako Gobernua aurrekontuetan egiten ari den murrizketen ondorioz osasun sistema publikoa gero eta ahulagoa delarik.

d) Aurrerantzean, ugazaben mutualitateak langileen osasunaren kontrako tresna hutsak izango dira, eta bitartekari lana egingo dute osasun baliabide publikoak osasun pribatuaren mesedetan murrizteko.

e) Sindikatuek mutualitateak kontrolatzeko eta haien jardueran parte hartzeko dituzten eskumenak murriztuko dira eta tresna horiek are gehiago zentralizatuko dira estatu mailan, euskal sindikalismoaren kalterako.

2. Hori guztia dela eta, AMAIUR lege-proiektu horren kontra dago erabat, zerbitzu publikoen "pribatizazio proiektu globalean" eta Alderdi Popularra aurrera eramaten ari den "birzentralizazio proiektu globalean" kokatzen delako.

3. AMAIUR koalizioak berriz nabarmendu nahi du guztiz premiazkoa dela Euskal Herriak lan harremanen eta gizarte segurantzaren sistema propioa edukitzea.

@ehbilducongreso