Ikasturte politiko honetan PPren gobernuak are gehiago gogortu ditu bere politika birzentralizatzaileak eta ekonomikoki ultraliberalak. Halaber, Euskal Herriak bizi duen bake prozesuari dagokionez, Rajoyren gobernuak oraindik ez dio heldu gure herrian ireki den garai berriari. Giza eskubideak errespetatzea gainditu gabe daukan ikasgaia da oraindik.



BAKE PROZESUA

Hiru urte igaro dira ETAk bere jarduera armatua bukatutzat eman zuenetik, baina Espainiako Gobernuak iraganeko jokabideari eusten dio. Are gehiago, lehen bezala, ahal duen guztia egiten ari da bake prozesua eragozteko eta, horrela, orain arte egindako aurrerapenetan atzerakada egon dadin.

Oraindik ere, "dena ETA da" gezurra erabiliz euskal herritarrak mugarik gabe identifikatzen eta atxilotzen jarraitzen du Guardia Zibilak, tortura salaketak daude, Espainiako Auzitegi Nazionalak beren jarduera politikoagatik epaitu eta zigortzen ditu herritarrak, eta euskal presoen egoerak okerrera egin du nabarmen.

Jonathan Powellek eta Martin McGuinnessek Euskal Herrira egindako bisitak oso argi islatzen ditu Espainiako Gobernuaren immobilismoaren ondorioz bake prozesuak dituen zailtasunak.

Hala eta guztiz ere, nazioarteko bi pertsona ospetsu horiek Euskal Herrira etortzea erabaki dute, bake prozesua aurrera eramaten laguntzeko, Alderdi Popularraren helburua prozesua geldiaraztea baita.

Nabaria da politikoki Alderdi Popularra oso eroso zegoela lehengo agertokian, inolako zalantzarik gabe beraren eta besteen sufrimenduak eztabaida politikoa saihesten lagundu eta egoera hari etekin politikoa ateratzen zion.

Guk oso argi daukagu PPk gero eta babes gutxiago duela euskal gizartean eta etorkizunean ere, seguru gaude euskal jendarteak Alderdi Popularraren jarrera hori gaitzetsi eta zigortuko duela. Inolako zalantzarik gabe, bake prozesua aurrera doa eta aurrera egingo du etengabe, oztopo, zailtasun eta eraso guztien gainetik.

PRESOAK

Giza eskubideen alderako sentsibilitate apur bat daukan edonorentzat, espetxe politika humanizatzea gatazka gainditu eta bakea lortu nahi duen edozein prozesutan hartu beharreko neurri nagusietako bat da.

Hala ere, eta euskal jendartearen gehiengoak arlo horretan aurrerapausoak exijitzen dituen arren, Alderdi Popularraren gobernuak iraganeko jokabideari eusten dio. Mendekuak justizia ordezkatzen du presoekin erabat krudela den espetxe politikan. Eta politika horren krudelkeria sadismo politikotik oso hurbil dago. Bestela, ulergaitza da presoekin hain gorroto handiz jokatzen jarraitzea eta, gainera, horretaz harro agertzea.

Horri dagokionez, aipamen berezia egin behar diogu preso gaixoek pairatzen duten egoera izugarri larriari. Amaiurreko diputatuak horren lekuko izan dira hainbat espetxetara egin dituzten bisitetan. Presoak hartutako konpromisoak betetzen ari dira eta, dagoeneko, beren jatorritik hurbilen dauden kartzeletara aldatzeko banan-banako eskaerak egiten hasiak dira.

Sakabanaketa garai politiko berri honetan lekurik ez daukan salbuespenezko neurria da. Presoak lehenbailehen ekarri behar dira Euskal Herrira.

ESTATUAK FITXA MUGITU DU

Estatu eredua egoera kritikoan dago. Espainiar monarkiaren inguruko azken mugimenduek agerian utzi dute Estatuko aparatuen urduritasuna. Gainera, Kataluniako erreferendumaren eguna hurbiltzen den neurrian, gero eta nabariagoa da Estatuaren eta PPren nahiz PSOEren izua.

Kataluniako prozesu subiranista eta Euskal Herrian ikusten diren mugimenduak aldaketak azkartzen ari dira Espainiako estatuan. Gaizki deituriko Trantsizioan inoiz itxi ez zen eztabaida indarrez ireki da berriro.

Adolfo Suarez hil zenetik gertatu den guztiak oso argi erakusten du Estatuaren asmoa orain dela 40 urteko itunak berregitea dela, Espainiaren eredu zaharraren erabateko gainbehera eta desintegrazioa eragozteko. Badakite Kataluniarik edo Euskal Herririk gabe ez dagoela Espainiarik. Horregatik, Estatuak fitxa mugitu du eta Felipe VI.a jarri du estatuburu. Baina ez digute ziria sartuko. Horrek ez du ezertxo ere aldatzen.

Kataluniako eta Eskoziako erreferendumek nazioarteko agendan sartu dute herrien erabakitze eskubidea. Etorkizunari begira, datorren udazkena giltzarria izango da estaturik gabeko nazio askorentzat. Neurri handi batean, Euskal Herriarentzat ere bai.

Espainiako estatua gai izango al da, bere historian lehendabiziko aldiz, gure herrien gehiengoaren borondatea errespetatzeko? Hor dago gakoa. Zoritxarrez, gaur gaurkoz Madrilek ez du borondaterik (Euskal Herriari eta Kataluniari) inolako eskaintza demokratikorik egiteko.

OLDARRALDI BIRZENTRALIZATZAILEA ETA ULTRALIBERALA

Egoera horren aurrean, eta hasiera-hasieratik porrotera kondenatuta zegoen eredu baten lurralde krisiaren ondorioz, PPren gobernuak oldarraldi birzentralizatzaile bati ekin dio, eta ahalegin guztiak egiten ari da gure burujabetza ahultzeko, horrela euskal jendartea eta haren instituzioak mespretxatuz.

Orain dela hiru aste, Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zituen Euskal Herriko instituzioek ekonomiaren eremuan onartutako hiru arau (BGAEen gaineko EAEko legea, Nafarroako funtzionarioen legea eta energia elektrikoaren ekoizpenaren gaineko zergari buruzko Nafarroako foru legea: energiaren tarifak...), espainiar agintariek haien kontrako helegiteak aurkeztu ondoren. Gainera, asteazkenean jakin genuenez, Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du Nafarroako Parlamentuak lan erreformaren kontra jarritako helegite bat. Gaur egun, Nafarroako 10 lege Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain daude.

Carlos Urquijo eta Carmen Alba Espainiako Gobernuak Euskal Herrian dituen ordezkariek 900 helegite edo errekerimendu baino gehiago aurkeztu dituzte gure instituzioek onartutako arauen edo hartutako erabakien kontra (udalak, Batzar Nagusiak, parlamentuak...).

Eta sozioekonomiaren arloan gauza bera gertatzen ari da. Orain dela hiru urte esan genuen eta denborak arrazoia eman digu: PPren politikek desberdintasun sozialak areagotzen dituzte, euren oinarria gehiengoari kentzea eta gutxi batzuei ematea baita.

Aberastasuna gero eta esku gutxiagotan biltzen da. Aberatsak aberatsagoak dira, eta pobreak pobreagoak. Datu estatistikoak oso argiak dira. Espainiako estatua desberdintasun sozialak gehien handitu diren Europako herrialdea da.

Europako aginduen aitzakiaz, Alderdi Popularrak deuseztatu egin ditu azken mendean hain nekez lortu ziren eskubide sozial gehienak. Eta esan beharra dago ere bai, PSOEk berak abiatu zuela prozesu hori hainbat urte lehenago.

PPren gobernuak hartzen dituen neurriak oso kaltegarriak dira Euskal Herriarentzat; gure ekonomia suntsitzen dute, gure eredu soziala eta babes sozialerako edozein proiektu eta ongizate estatua bera ere suntsitzen dute. PPk espekulazioan oinarritutako eredu ekonomiko baten aldeko apustua egiten du. Eta, hain zuzen ere, eredu horrek ekarri gaitu gaur egungo krisi egoerara.

Eta ez hori bakarrik. Legegintzaldiko lehen erdian hartutako neurri sozioekonomikoei eskubide zibil eta demokratikoen arloko murrizketen fasea gehitu zaio orain. Udatik aurrera, bata bestearen atzetik etorriko dira abortuaren erreforma, zigor kodearen erreforma...

Horren guztiaren aurrean, esan beharra daukagu Espainiako Gobernuak egin behar duen gauza bakarra gure herritarrek eta gure instituzioek demokratikoki hartzen dituzten erabakiak errespetatzea dela. Espainiako Gobernuak traba egiten du eta beraz, soberan dago.

@ehbilducongreso