Euskal koalizioak, segurtasun eta bideragarritasun arrazoiak tarteko, Esako urtegia handitzeko lanak bertan behera uztea eskatuz Legez besteko Proposamen aurkeztu du Espainiako Kongresuan. Horrezaz gain, lan horien segurtasuna eta bideragarritasuna zehazteko txosten tekniko bat egiteko moratoria eskatu du Amaiurrek.

Era berean eta gai berari buruz, galdera sorta bat aurkeztu du Sabino Cuadra diputatuak.

Besteak beste, diputatu nafarrak jakin nahi du arduradun tekniko eta politikoek erantzukizun zibil, administratibo eta penalik izan duten argitzeko Espainiako gobernuak espedienterik zabaldu duen ala ez. Gainera, urtegiaren handitze lanekin aurrera jarraitzeko gobernuaren arrazoiak zeintzuk diren jakin nahi ditu Cuadrak. Ondoren, ehun eta hiru etxebizitzen desjabetzerako eta etxebizitza horien jabeei kalte-ordainak emateko gobernu espainiarrak zer nolako kalkuluak egin dituen galdetzen du.

Bi ekimen horiek egiteko argudio gisa, Cuadrak dio Esako urtegiaren inguruko azken albisteak –kalteturiko etxebizitza guztien desjabetzea eta proiektuaren aldaketa- obra polemiko honen azken zentzugabekeriak baino ez direla.

@ehbilducongreso