Jon Inarritu diputatuaren arabera, "kezkagarria" da Felipe VI.a Espainiako erregearen lehen bidaia ofizialetako bat Marokora izatea.

Gogoratu duenez, Marokok ez ditu herritarren oinarrizko eskubideak errespetatzen. "Hor dago kazetarien aurkako jazarpena, horietako batzuen espetxeratzea, Saharaz hegoaldeko etorkinen aurkako errepresio bortitza eta Marokoko agintarien aurkako tortura salaketak", esan du Inarrituk.

Euskal diputatuak Boubker el Khamlichi ekintzaile ezkertiarraren desagerketa salatu du ere bai. Marokoko ezkerreko gizarte mugimenduek zabaldutako informazioaren arabera, herrialde hartako polizia sekretuak bahitu zuen el Khamlichi joan den ostegunean. Geroztik, esan bezala, desagertua dago ekintzaile ezkertiarra.

Era berean, saharar herriaren egoera ere izan du hizpide diputatu subiranistak. Bere esanetan "garaia da Espainiak dagokion ardura historikoa bere gain hartu dezan". Are gehiago, Inarrituk adierazi duenez, Sahararen autodeterminazio eskubidea onartu dezala exijitu beharko lioke espainiar estatuak Marokori".

@ehbilducongreso