Euskal koalizioaren iritziz, transgenikoen laborantzari ematen zaion babesaren atzean dirua irabaztea beste helbururik ez duten enpresa handien interes ekonomikoen defentsa dago.

Amaiurrek oso gogor kritikatu du Espainiako Gobernuak transgenikoen laborantzaren inguruan daukan jarrera. Ildo horretan, euskal diputatuak salatu du transgenikoak onuragarriak direla esatea "falazia" hutsa dela. Haren hitzetan, "transgenikoek ez diete hobeto erantzuten kontsumitzaileen beharrei, ez dituzte ekoizleen kostuak murrizten eta ez dute lurraren eta uraren erabilera zentzuzkoagoa ahalbidetzen".



Gainera, Inarrituk ohartarazi du osasunean eta ingurumenean duten eragin kaltegarriak "alarma guztiak piztu" dituela. Horri dagokionez, euskal diputatuak Ingurumen ministroari gogorarazi dio Europako hamar estatuk arto transgenikoaren laborantza debekatu dutela, ingurumenean nahiz osasunean duen inpaktuari buruzko ebidentzia zientifikoak aintzat hartuz.

Espainiak, ordea, Europar Batasunean arto transgenikoaren laborantzarako hektarea portzentajerik handiena daukan estatua izatearen "zalantzazko ohorea" du. Hori esatearekin batera, Inarrituk gaineratu du PPko kideek "itsu eta gor jarraitzen dutela arriskuen ebidentziaren aurrean".

Europako ministroek EBko herrialdeetan transgenikoen laborantza debekatu ahal izateko sinatu duten akordioaren aurrean Espainiako Gobernuak izan duen erreakzio "positiboa" ikusirik, Inarrituk galdetu du ea Espainiako estatuak Europan inork ekoitzi nahi ez duena ekoizten jarraituko duen eta ea zabortegi ekologiko are handiagoa bihurtuko den.

Diputatu subiranistak salatu duenez, Espainiako Gobernuak transgenikoen laborantzaren alde egin duen apustuaren xedea "dirua irabaztea beste helbururik ez duten enpresa handien interes ekonomikoak defendatzea" da.

@ehbilducongreso