Urtegiko neurketen emaitzak era iraunkor eta jarraian ezagutzera ez emateko Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren jarrera erabat ulergaitza dela esan du Amalur Mendizabal senatariak. Hain justu, zehaztu du, urtegia husteko garaian sartu garenean.

Bere ustez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren jarrerak segurtasun eta gardentasun eza areagotu egiten du. Mendizabalek, ardura politikoak exijitu ditu.

Nafarroako Parlamentuak Esako urtegiaren inguruan onartutako ebazpena errespetatuko duen ala ez galdetu dio Amalur Mendizabal senatariak Ingurumen ministroari. Ebazpen horretan oso eskaera zehatza egiten zaio Espainiako Gobernuari: Esako urtegia ez betetzea "kota seguru baten gainetik eta inguru horretako lurren ezegonkortasuna zerk eragiten duen jakin arte".

Ministroak, hala ere, Miguel Arias Cañete ministro ohiak ezarritako gidoia goitik behera jarraitu du eta ez dio Mendizabali erantzun nahi izan. Isabel García Tejerinaren arabera Espainiako gobernuaren ekimen guztiek segurtasun neurri guztiak betetzeaz gain kalteturiko bizilagun guztien eskaerei erantzun diete. Hori bai, zehaztu du "kaltetu guztientzako irtenbide bat bilatzeko lanean ari direla".

@ehbilducongreso