Aste honetan Amaiurrek mahai gainean jarriko dituen lau gai horiek argi eta garbi islatzen dute "lehenago edo beranduago kolapsora eramango gaituen eta ingurumena nahiz pertsonak inola ere errespetatzen ez dituen eredu suntsitzaile eta epe laburrekoa". PPk, eskuineko beste indar batzuekin batera, eredu hori "inposatu nahi dio euskal jendarteari". Halaber, Jon Inarritu diputatuak adierazi duenez, "lau adibide horiek ezin argiago erakusten dute Espainiako Gobernua gure burujabetza urratzen ari dela eta ez duela euskal herritarren eta instituzioen borondatea errespetatzen".

Esako urtegia

Gaur bertan, Nafarroako Parlamentuak Esako urtegiaren inguruan onartutako ebazpena errespetatuko duen galdetuko dio Amalur Mendizabal senatariak Ingurumen ministroari. Ebazpen horretan oso eskaera zehatza egiten zaio Espainiako Gobernuari: Esako urtegia ez betetzea "kota seguru baten gainetik eta inguru horretako lurren ezegonkortasuna zerk eragiten duen jakin arte".

Transgenikoak

Bihar, Jon Inarritu diputatuak Isabel Garcia Tejerinari galdetuko dio zer iritzi duen iragan maiatzaren 12an Europako ingurumen eta nekazaritza ministerioek Europako edozein herrialdetan transgenikoen landaketa debekatzeko sinatu zuten hitzarmenaren inguruan. Euskal diputatuak gogorarazi duen bezala, 2009an hainbat indar politikoren artean lortutako akordio batek transgenikorik gabeko lurralde izendatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoa.

Garoñako zentral nuklearra

Orain dela gutxi, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren txosten baten berri izan dugu prentsaren bidez. Txostenak dioenez, zentral nuklearretako segurtasun akatsak gero eta ugariagoak dira. Aste honetan bertan, horri buruzko galdera sorta bat erregistratuko du Amaiurrek. Koalizio subiranistak gogorarazi duenez, Euskobarometroaren azken inkestaren arabera, EAEko biztanleen ia %80 Garoñako zentral nuklearra berriz irekitzearen kontra daude, eta Arabako Batzar Nagusiak, EAEko Legebiltzarra eta Nafarroako Parlamentua zentral horren aurka agertu dira.

'Fracking'-a

Gai honi dagokionez, prentsak Geologia eta Meatzaritza Institutuaren txosten bat argitaratu du, gasa 'fracking' teknikaren bidez ateratzeko sistema oso zalantzan jartzen duena. Jon Inarrituk adierazi duenez, gai horren atzean "informaziorik eza, gezurrak, ezkutuko interesak, interes pribatuak eta inposizioa" besterik ez dago.

Euskal diputatuaren iritziz, lau gai horiek edozein jendarterentzat garrantzitsuak eta estrategikoak diren lau arlori dagozkie. "Herritarrek beren iritzia eman behar dute, gai guzti hauen inguruan ere erabaki behar dute. Eta, jakina, Espainiako Gobernuak euskal herritarren iritzia errespetatu behar du. Amaiurrek oso argi dauka: Euskal Herria ez dago salgai", adierazi du.

@ehbilducongreso