Indarkeriaren biktimak azken hamarkadetan gure herriak bizi izan duen gatazka politiko eta armatuaren ondorio lazgarrienak dira.

Eta biktimez ari garenean, Euskal Herrian izan diren indarkeria guztien biktima guztiez ari gara.

Garrantzitsua da hori nabarmentzea, izan ere horiek guztien onarpen eta erreparaziotik soilik eraiki daiteke benetako bakea gure herriarentzat.

Batzuetan, AMAIUR osatzen dugun alderdi politikoetatik ETAren ekintzen zein estatu edo beste erakunde batzuen terrorismoaren ondorioak pairatu dituzten pertsonei gure hurbiltasun eta elkartasuna adierazi diegu. Eta gure jarduera politikoa ulertezina izan bazaie euren mina areagotuz, gure atsekabea adierazi diegu.

Eta hain zuzen, normalizazio politikoa, bakea eta euskal gizartearen adiskidetzea lortze aldera, beharrezkoa ikusten dugu gatazkan parte hartu duten alde guztiek giza eskubideen urraketa guztien onarpena erraztuko duen prozesu eraikitzailea praktikan jartzea.

Eta horretarako, ezinbestekoa da borondate politikoa izatea. Alderdi politiko batzuek eta Espainiako gobernuak ez dutena, alegia. Horiek guztiek argi izan behar dute gertaturiko guztiaren egia eta onarpenak beharrezko oinarriak direla ondoren justizia eta erreparazioa eskaintzeko.

Eta noski, argi izan dezatela biktimak batzuk baztertzeak, gizartearen zati handi bat baztertzeak, bake iraunkor eta justu batengandik urruntzen gaituela.

Bazterketa horren adibide argiak dira, alde batetik, Espainiako Estatuko Abokatuak 1960tik 1978ra arteko estatu indarkeriaren biktimei laguntzeko dekretuari helegitea aurkezteko erabakia. Bigarrenik, estatuak berak onarturiko bere indarkeriaren biktimei laguntzak ukatzeko erabakia. Eta hirugarrenik, lehenago aipatu dugun dekretuaren harira, estatuaren biktimak zeharkako kalteak direla esanez barne ministroak egin zituen adierazpenak. Gizon eta gobernu horren etika eta moralik eza erakusten duten adierazpenak dira horiek. Euskal gizarteari irain egitea da hori.

Alderdi Popularrak gatazkaren existentzia bera ukatu nahi du kosta ala kosta. Eta horrekin batera, estatu indarkeriaren biktimak daudenik. Lotsagarria erabat. Inondik inora onartu ezin dezakeguna.

Estatua gezurretan ari da, prebarikatzen eta biktimen legeak iraulkatzen. Onartezina da estatuak bere indarkeriaren biktimekiko ardurei muzin egitea.Eta are onartezinagoa da hildakoak, tortura, errepresioa... eragin dituen estatu horrek bere biktimen aurka jo eta horiek kriminalizatzea.

Estatu horrek, PPk eta PSOEk, torturaren biktimak, pertsonak hiltzera bideraturiko politikak, espetxe politikaren biktimak, deportazioak... ukatzen jarraitzen dute. Eta ukatzen jarraitzen dute ere bai herri bat garela eta askatasunean erabakitzeko eskubidea dugula. Hau da egun hauetan ikusten ari garen bezala, atzerantz begiratu, Euskal Herria ukatu eta gaur egungo errealitateari beldurra dion estatu horren benetako aurpegia. Honek guztiak erakusten digu bertan behera bota behar dugun intransigentzia edo zorrozkeria horma baten aurrean gaudela.

Garaitu eta garaileen amaiera erabateko porrotera kondenatua dago. Garaia da Espainiako gobernua horretaz konturatzeko. Garaia da sufrimendua luzatu besterik egiten ez duten mendeku eta errepresio politikak albo batera uzteko.

Garaia da estatuak gatazkan duen ardura bere gain hartzeko.

Guztiok lekua izango dugun bakea nahi du euskal gizarteak. Hemen inor ez dago soberan.

Nola egin aurrera? Iragana ahaztu eta estali gabe. Etorkizunerantz begiratuz, giza eskubide guztien eta elkarbizitza demokratikoaren alde eginez. Hori da bidea. Biktimenean zein beste gai askotan aurrerantz egiteko modua, horiek guztiei era orokor, global eta eraikitzailean aurre egitea da. Onarpena, erreparazioa eta egia.

Noizko baina biktima guztien onarpena? Guztiena... Noizko biktima guztien erreparazioa eta onarpena lortzeko alderdi politiko ezberdinen konpromiso argiak?

@ehbilducongreso