Errekondok honako galdera hau egin dio Rajoyri: "Maiatzaren 29an Gasteizko Parlamentuak aldarrikatu zuen "Euskal Herriak bere autodeterminaziorako eskubidea duela eta eskubide hau bertako biztanleek beren estatus politikoa askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko duten ahalmenean datzala"; zein da Gobernuaren iritzia aldarrikapen horren aurrean?"



Euskal diputatuaren iritziz, demokrazia Espainiako estatuak gainditu gabe daukan ikasgaia da. Beste arrazoi batzuen artean, Errekondok honako argudio hau erabili du: "Espainiako estatuak Euskal Herriaren existentzia ukatu du beti eta inoiz ez du haren borondatea errespetatu". Horregatik, haren iritziz, Estatu honek "elefante baten tamainako" defizit demokratikoa du.

Haren hitzetan, "nazio sentimendua duen gizarte batek askatasunez hartutako erabakia burujabea da". Horren harira, ekainaren 8an 150.000 euskal herritarrek baino gehiagok osatu zuten giza katea oso arrakastatsua izan zela gogorarazi dio.

Errekondok adierazi du Espainiako estatua ez dela nor Euskal Herriko gizon-emakumeei beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldebakartasunez ukatzeko.

Mintzaldia bukatu aurretik, diputatu subiranistak Rajoyri galdetu dio "zein urrats egingo dituen Espainiako estatua estatu demokratiko gisa homologatzeko".

Beti bezala, Espainiako Gobernuko presidenteak indarrean dagoen legeriari eta Konstituzioari heldu die.

@ehbilducongreso