Amaiurreko hautetsiak ez dira Felipe VI Espainiako erregearen izendatze ekitaldira joango eta Iruñeako elkarretaratzean izango dira.

Ekainaren 2an Espainiako erregeak jakinarazi zuen abdikatzen zuela eta semearen esku uzten zuela Estatuaren buruzagitza, eta bihar "operazio estetiko" hori burutuko da Madrilen. Operazio horren bidez dena aldatuko dela sinetsarazi nahi digute, baina benetako helburua ezer ez aldatzea da.



Esan beharrik ez dago Amaiurrek ez duela parte hartuko Felipe VI.a Espainiako errege aldarrikatzeko eta koroatzeko ekitaldietan.

Estatuak "espainiar demokraziaren" birsortze edo berpizkunde gisa aurkeztu nahi du Juan Carlosen abdikazioa, baina guk oso argi daukagu erreformaren erreforma huts baten aurrean gaudela. Orain dela 40 urte bezala, prozesu kontinuista honek bi ezaugarri nabari ditu: gure herriak Espainiako estatuaren aldetik pairatzen dituen ukazioa eta inposizioa.

Ordua iritsi da Euskal Herria eta euskal herritarrak beren etorkizunaren jabe egin daitezen eta beren kabuz erabaki dezaten zer eta nola izan nahi duten, norekin partekatu nahi duten beren subjektu politiko propioa edo zein marko juridiko eduki nahi duten.

Hala ere, horretarako ezinbestekoa da Euskal Herriko alderdi politikoek herri gisako akordio politikoak egitea. Orain dela 40 urte ez bezala, orain, Espainiako estatuaren deskonposizioa inoiz baino nabariagoa den une honetan, Euskal Herriko indar politikoek norabide berean arraun egin behar dute, Madrilen aurrean herri gisa tinko agertzeko.

Dena dela, zantzu guztien arabera, erregimen honek ez du inolako asmorik Euskal Herria nazio gisa aitortzeko eta, beraz, ez ditu errespetatuko herri gisa dagozkigun eskubideak. Horregatik, akordio politiko horiek bidea ireki behar dute erabakitzeko eskubidea gure instituzioek onartutako ordenamendu juridiko berri batean errealitatea izan dadin.

Gaur egungo erregimenak azaleko margo-geruza berritu nahi du sakonean bere muin frankistari eusteko. Gu, ordea, benetako haustura demokratiko bati ekiteko eta erregimen honekin behin betiko apurtzeko aukera berri baten aurrean gaude.

Horregatik, "itxura garbitze" berri honetan parte ez hartzeko deia egiten diegu EAJri eta gainerako indar politikoei. Euskal Herritik eta Euskal Herrira begira jarduteko eskatzen diegu jeltzaleei eta beste indar politikoei. Espero dugu ez dutela erreforma berri hau onartuko, 1977koa onartu zuten bezala, eta oraingoan ez dutela inolako itunik egingo Espainiako koroarekin.

Gure aldetik, bihar ez dugu parte hartuko Felipe VI.a Espainiako errege aldarrikatzeko eta koroatzeko ekitaldietan, eta gure herriaren eskubideen aldeko mobilizazioetan parte hartzeko eta Euskal Errepublika askea aldarrikatzeko deialdia luzatzen diegu euskal herritarrei.

@ehbilducongreso