Gaur goizean, Jon Inarritu diputatua eta Iñaki Goioaga senataria Navalcarneroko (Madril) espetxean izan dira, larriki gaixo dagoen Ibon Iparragirre euskal presoa bisitatzen.

Kartzelako sarreran egindako adierazpenetan, Jon Inarrituk euskal preso guztiek eta bereziki gaixotasun larriak dituztenek pairatzen duten egoera salatu du.

Haren iritziz, sakabanaketak presoen egoera larritu besterik ez du egiten. Horregatik, orain dela 25 urte abian jarri zuen espetxe politika indargabetzeko exijitu dio Espainiako Gobernuari.

"Egoera hain muturrekoa denez, espetxeetara joan behar izan dugu haien testigantza zuzenean jaso ahal izateko eta pairatzen dituzten baldintza gogor eta gizagabeak in situ ezagutzeko", adierazi du.

Inarrituk sakabanaketaren izaera "politikoa, salbuespenezkoa eta mendekuzkoa" salatu du, eta espetxe politika errotik aldatzeko eskatu. "Presoak beren jaioterrira hurbildu behar dituzte berehala", esan du.

Bi parlamentarietatik, Iñaki Goioaga bakarrik sartu ahal izan da kartzelara, abokatu gisa. Izan ere, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak ez die erantzun Amaiurrek bere diputatu eta senatariek ohiz kanpoko bisitak egin ahal izateko aurkeztu dituen eskaerei.

Hala ere, Inarrituk adierazi du Amaiurreko ordezkariek gaixotasun larriak dituzten presoak bisitatuko dituztela, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiaren baimenarekin nahiz baimenik gabe.

Horri dagokionez, euskal diputatuak jakinarazi du bere taldeak eskutitz bat bidali diola Esteban Gonzalez Pons Diputatuen Kongresuko Barne Batzordeko presidenteari, Espetxe Zuzendaritzaren aurrean esku har dezala eskatuz, diputatuei beren lan parlamentarioa normaltasun osoz eta inolako trabarik gabe egiten utz diezaien.

@ehbilducongreso