Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Esako urtegiaz duela gutxi egin duen txostena eskatu dio Amaiurrek Espainiako gobernuari. Txosten horren arabera, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa bera, eta Ingurumen ministerioa egiten ditu azken boladan ESAko urtegiaren hegalean izan diren labaintzeen arduradun.

Sabino Cuadraren arabera, maiatzaren hamalauan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoko presidenteak eta teknikariek eurek kaltetutako bizilagunekin izandako bilera batean aipatu eta konfirmatu zuten txosten hori.

Horrezaz gain, euskal diputatuak Esako urtegia dagoen lekuan labaintzeak gertatzen zirela dioten 1935eko dokumentuez galdetu dio Gobernuari. Are gehiago, dokumentu horien egiazkotasuna konfirmatuz gero, urtegiaren handitze lanak baimentzeko arrazoiak jakin nahi ditu Sabino Cuadrak.

Era berean, Lasaitasuna eta Mirador del Ingles urbanizazioen hustea behin betiko izango den ala ez galdetu du Cuadrak.

Azkenik, urtegia maila seguru bateraino husteko Zangotzako udalak luzatutako eskaerari erantzungo dion ala ez galdetu dio diputatu subiranistak Espainiako gobernuari.

Bere esanetan, "Esako urtegia handitzeko proiektua gero eta zentzugabeagoa eta arriskutsuagoa da, eta eskualde hartako zein Nafarroako gero eta herritar gehiago proiektuaren aurka agertzen ari dira". Horregatik guztiagatik, proiektua bertan behera utzi eta ardura politiko eta administratiboak exijitu dizkie Nafarroa eta Espainiako gobernuei.

@ehbilducongreso