PPk eta PSOEk bat egin dute berriz ere eta atzera bota dute bost hilabeteren buruan Giza Eskubideen plan bat garatzeko Amaiurrek egin duen proposamena. Koalizio soberanistaren ekimena Europako Kontseiluak duela gutxi kaleraturiko txosten batek dakartzan gomendioetan oinarriturik dago. Txosten horrek demokraziaren egoeraz, giza eskubideez eta zuzenbide estatuaren egoeraz kezka azaltzen du.



Rafa Larreina diputatuak Europako Kontseiluaren testuaren seigarren puntuari eman dio indar handien. Bere esanetan, "gatazka edo gatazka ondoko egoeratan erakunde demokratikoetan zein zuzenbide estatuan disfuntzioak eragiten dituzte eta horrek, askotan, beste ezer baino lehen Giza Eskubideak kaltetzen ditu".

Ildo horretan, Larreinak eskua luzatu dio berriz ere Espainiako gobernuari eta elkarrizketa eta konponbidearen beharrak nabarmendu ditu. "Gobernuak daraman norabidea aldatu eta jarrera aktiboa, prozesua oztopatuko ez duena erakutsi behar du", adierazi du Amaiurreko diputatuak.

Proposamenak IU, ERC, BNG eta PNVren babesa jaso du. PPk eta PSOEk, hala ere, kontra bozkatu dute txostenak espainiar estatua aipatzen ez duela argudiatuz.

@ehbilducongreso