"Gatazkaren konponbidea serio hartzeko ordua du Espainiako gobernuak eta beraz, Alderdi Popularrak. Aholku bat: bide beretik jarraituz gero oso garesti ordainduko du PPk", esan du Xabier Mikel Errekondok Diputatuen Kongresuan eskainitako prentsaurrekoan. Amaiurreko bozemaileak nabarmendu duenez, "EH Bilduk gatazkaren konponbidea Brusela eta Estrasburgora eramango du. Hemen ez bada, Europan ikusiko gara", adierazi dio Mariano Rajoyren alderdiari.

Hauteskunde emaitzei dagokionez, Errekondok estatuko ezkerreko indar politikoak zoriondu ditu. "Gure kidea den BNG hasteko, baina baita ERC, IU eta Podemos ere", esan du. "Zalantzarik gabe, herritarrek krisi politiko eta ekonomikoaz PP eta PSOE egiten ari diren kudeaketa zigortu dute" Errekondoren ustez eta gaineratu du "trantsizioaren erregimenaren kudeatzaileek zigor galanta jaso dutela eta jasotzen jarraitu dezatela espero duela Amaiurrek. Guztion onerako". Bere esanetan, herritarrek politika egiteko modu berri eta xumeak nahi dituzte. Euskal Herrian aspaldi hasi ginen horretan eta espero dugu estatu guztira ere zabaltzea politika egiteko modu hori", esan du.

Euskal herriari dagokionez, bozemaile abertzaleak "EH Bilduren emaitza onak" nabarmendu ditu eta gaineratu koalizio abertzalea Euskal Herriko alternatiba dela. "Jendeak guregan jarri du konfiantza, ezkerreko gure politika aurrerakoietan, gure proiektu politikoan. PNV, PP, PSOE eta UPNk osatzen duten ardatzak ez du EH Bildu garaitu", adierazi du errekondok.

@ehbilducongreso