Attachments:
Download this file (20140516115849.pdf)20140516115849.pdf [PReguntas de Jon Iñarritu, y las respuesta del Gobierno] 79 kB

Errusiaren kontrako Jodorkovski eta Lebedev epaiaren harira, Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak galdera parlamentario bat egin zion Espainiako Gobernuari, GEEAren epaiek Espainiako estatuan nolako eragina duten jakiteko, epai horrek Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren kontrakotzat jotzen baitu presoen sakabanaketa. Gobernuak erantzun du horrelako epaiak ez direla "estrapolagarriak Espainiara".

Erantzun horrekin, gobernuak oso argi utzi du nahiago duela bere espetxe politika arbitrario eta mendekuzkoarekin jarraitu (nabarmendu beharra dago politika hori ez dagoela legezkotasun printzipioari atxikirik, ez baitago legerian jasota). Gobernuak emandako erantzunetik ondorio argi bat atera daiteke: sakabanaketa politikak garaian garaiko administrazioaren erabaki arbitrarioei erantzuten die eta gobernuak uste du Giza Eskubideen Hitzarmena sinatu duen estatu bat horrelako politikak aplikatzeagatik kondenatu izanak ez duela zerikusirik berarekin eta ez diola inola ere eragiten.

Bestetik, espetxe politika horren irregulartasuna areagotu egiten da kontuan hartzen badira Europako Kontseiluak askatasunaz gabetzeko zigorrei buruz egindako gomendioak edo presoen tratamenduari dagokionez 2006an Europarako ezarritako gutxieneko arauen zentzua.

Bestetik, hainbat ebazpenen bidez, EAEko nahiz Nafarroako parlamentuek eta Euskal Herriko instituzio ugarik euskal presoen sakabanaketaren amaiera eskatu dute askotan, ankerra, mendekuzkoa eta preso nahiz senideentzako zigor erantsia delako.

Laburbildurik, GEEAk ebatzi du presoen familia-bizitzarako eta intimitaterako eskubidea urratzen duten espetxe politikak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren kontrakoak direla, baina, hala eta guztiz ere, Espainiako estatuak nahiago du presoei nahiz haien senideei eragiten dien politika anker hori aplikatzen jarraitu.

Orain dela gutxi, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak zentzagarri gogorra eman dio Espainiako estatuari, "Parot doktrina" deritzonaren inguruko epaiarekin. Zuzenbidearen arabera, Espainiako Gobernua eta auzitegiak behartuta daude Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrina beren erabaki juridikoetan eta praktika politikoetan txertatzera.

Amaiurrek, berriro ere, orain dela 25 urtetik hona Espainiako estatuak euskal presoen kontra aplikatzen duen espetxe politikaren amaiera exijitzen du.

@ehbilducongreso