Rafa Larreinak Espainiako gobernuaren espetxe politika salatu du hain juxtu, berau indarrean jarri zutela 25 urte betetzen direnean.

Diputatu subiranistak salatu duenez "giza eskubideen aurkako politika da sakabanaketa eta presoak ez ezik, euren senideak ere zigortzen dituena".



Bere ustez, sakabanaketa "porrota" izan da, duela 25 urteko helburuak ez dituelako bete. Gogoratu duenez, "ETAk presoak kontrolatu ez zitzan" jarri zuten martxan sakabanaketa, hala ere, hogeita bost urte geroago "gauza bera esaten jarraitzen dute".

Horregatik guztiagatik, euskal diputatuak sakabanaketa politikari amaiera eman diezaiola exijitu dio Espainiako gobernuari.

Barne ministroak, ohikoa duen polizia diskurtsoarekin, berehala erantzun du esanez, "ETA desagertzen ez den bitartean ez diotela sakabanaketa politikari bukaera emango eta beraz, indarrean jarraituko duela".

Larreinak torturaren "inpunitatea" ere salatu. Bere esanetan, "inkomunikazioa inpunitate horren bermea da".

Europako Kontseiluaren txostena

Diputatu subiranistak "Demokraziaren egoera, Giza Eskubideak eta Zuzenbide estatua Europan" izena daraman txostena probestu du Espainiako gobernuari giza eta oinarrizko eskubideak errespeta ditzala eskatzeko.

@ehbilducongreso