Euskal Herriko koalizio subiranistak Diputatuen Kongresura eramango du Europako Kontseiluko idazkari nagusiak egin duen "Demokraziaren, Giza Eskubideen eta Zuzenbide Estatuaren egoera Europan" txostena, osoko bilkuran eztabaida dadin.

Amaiurren iritziz, hala Oinarrizko Eskubideen urraketen inguruko salaketek nola egoera horri urgentziaz amaiera emateko beharrak garrantzi berezia hartzen dute Espainiako estatuari dagokionez.

Horregatik, koalizio subiranistak Gobernua interpelatuko du bihar. Eragile sozial eta sindikalek, alderdi politikoek, epailetzako erakunde ofizialek eta nazioarteko hainbat erakundek salatu dituzten Oinarrizko Eskubideen urraketak zuzentzeko zer egingo duen galdetuko dio Gobernuari.

Txostenean oso kezkagarritzat jotzen dira honako urraketa hauek: gutxiengo etniko eta nazionalen diskriminazioa, atxilotze baldintzak eta espetxeetako egoera, ustelkeria, tratu txarrak ordena publikoaren indarretako kideen aldetik, gizarte bazterketa, "hutsuneak" immigranteei eta asiloa eskatzen duten pertsonei aitortutako eskubideetan, gizakien salerosketa, adierazpen askatasunaren eta informazio askatasunaren kontrako erasoak, sistema judizialaren antolaketa eta funtzionamendua eta prozedura judizialen iraupen luzeegia.

@ehbilducongreso