Granadako Unibertsitateko areto nagusian eskainitako hitzaldian, Sabino Cuadra diputatuak adierazi zuenez, "Espainiako kongresua gezur handi bat da, besteak beste, kanpoko botereen frankizia besterik ez delako". Botere horien artean, Troika dagoela zehaztu zuen Cuadrak. "Troikak berak agindu zion PPren gobernuari lan, finantza eta pentsioen erreformak egin zitzan", esan zuen. Euskal diputatuak nabarmendu zuenez, Alderdi Popularraren legealdiaren bigarren zatian, "eskubide eta askatasun demokratikoen inboluzioa gertatuko da", are gehiago, zehaztu zuenez, "inboluzio hori gertatzen ari da jada". Legealdiko bigarren fase horretako lege atzerakoien artean daude Cuadraren arabera, "abortoaren, herritarren segurtasunaren, segurtasun pribatuaren eta kode penal berriaren legeak".

Egoera honen aurrean, herriek eta herritarrek euren etorkizunaz erabakitzearen beharra azpimarratu zuen euskal diputatuak. "Kanpoko botereek ezin dituzte herritarren gehiengoaren kontrako interesak inposatu, ez Andaluzian, ez Aragoan, ez Katalunian, ez Galizia, ez Portugalen, ez Italian, ez Grezian eta ezta Euskal Herrian ere", esan zuen Sabino Cuadrak.

Hitzaldia bukatu aurretik diputatu nafarrak eskerrak eman zizkien SAT sindikatuari zein bere hitzaldiak antolatzen lagundu duten gainontzeko kolektiboei ere.

@ehbilducongreso