Espainiako Senatuak, PPren botoekin, atzera bota du giza eskubideak zaintzea MINURSOren eskumena izatea proposatzen zuen mozioa. Ekimenak Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren aurrean esku hartzeko eskatzen zion Gobernuari, apirilean MINURSO berritzen denean giza eskubideen zaintza haren eskumenen artean sar dadin.

Horrela, ekimenaren bultzatzaileek adierazi dutenez, Nazio Batuek autodeterminazio erreferenduma antolatu ahal izango lukete, horixe baita haien betebeharra, eta azkenean Mendebaldeko Sahararen inguruko gatazka nazioarteko zuzenbidea aplikatuz eta Nazio Batuen Giza Eskubideen Kartak ezarritakoaren arabera konpondu ahalko litzateke. Ekimena ERCko, IUko, EAJko, ICVko, Coalición Canariako eta AMAIURREKO hamasei senatarien sinadura zeukan eta iragan astean adostu zen Euskal Herriko koalizio subiranistaren ekimenez.

Eztabaidaren bukaeran, Alberto Unamunzaga AMAIURREKO senatariak adierazi du PP "bakarrik geratu dela" mozioaren aurrean, bera izan baita MINURSOk Mendebaldeko Saharan giza eskubideak zaindu ahal izatea onartu ez duen bakarra. Haren iritziz, PPren jarrera "ulergaitza eta onartezina" da, bozkatu den mozioa "minimoen proposamena" baitzen.
Oposizio osoa mozioaren alde agertu da, UPN izan ezik, alderdi hori abstenitu egin baita.

Idatzizko galderak Gobernuari eta bilera eskaera Marokoko enbaxadoreari

Hain zuzen ere, gaur bertan AMAIURREK bilera eskatuko dio Fadel Benyaich jaunari, Marokok Espainiako estatuan duen enbaxadoreari, joan den astean hiru pertsona Aaiunetik kanporatu izanaz hitz egiteko. Kanporatuetako bat Onintza Enbeita diputatu subiranista izan zen.
Halaber, AMAIURREK gertaera horren inguruko idatzizko galdera sorta bat erregistratu du, Manuel Garcia Margallo Espainiako Atzerri ministroari zuzendua. Koalizio subiranistak jakin nahi du ea Espainiako Gobernuak Marokokoarekin gertaera horretaz hitz egiteko asmorik duen. Mariano Rajoyren gobernuak Rabateko agintariei azalpenak eskatuko dizkien ere jakin nahi du Amaiurrek. Azkenik, Onintza Enbeita diputatuak legez kontrakotzat jotzen ditu kanporaketak eta Espainiako Gobernuak Marokorekiko harremanei dagokienez nolako jarrera hartuko duen galdetzen du.

@ehbilducongreso