Koalizio subiranistak irmoki arbuiatzen du hiru pertsona Marokoko gobernuaren aginduz Saharako lurraldetik kanporatu izana.

Amaiurren iritziz, kanporatze horiek nazioarteko lege eta itun guztiak urratzen dituzte, Mendebaldeko Sahara lurralde okupatua baita.

Marokoko administrazioak kanporatu dituen pertsona guztiek emakumeen eskubideen arloan lan egiten dute. Hain zuzen ere, kanporatutakoak Aaiunera zihoazen, lurralde horretako emakumeen eskubideen aldeko saharar ekintzaileekin biltzeko asmoz.

Kanporatuetako bat Onintza Enbeita Maguregi Amaiurreko diputatua izan da, eta horrek are larriago bihurtzen du gertatutakoa.

Hori guztia dela eta, AMAIUR koalizio subiranistak bilera eskatuko dio Fadel Benyaich jaunari, Marokok Espainiako estatuan duen enbaxadoreari, gertakari horretaz hitz egiteko.

Halaber, Espainiako Atzerri Ministeriora joko dugu, bide ofizialetik, Marokoko gobernuaren asmoen berri bazuen jakiteko eta aurrerantzean horrelako gertaerak eragozteko neurririk hartuko duen galdetzeko.

Era berean, Saharako gatazkan espainiar estatuari dagozkion ardura historikoak kontuan hartuz eta Nazio Batuen Erakundeak hartutako erabakien ildotik, Mendebaldeko Sahararen eskubide nazionalak errespeta eta defenda ditzala exijitzen diogu Espainiako gobernuari.

@ehbilducongreso