ERC, IU, PNV, ICV, Coalicion Canaria eta AMAIURrek MINURSOren mandatuak giza eskubideen ikuskapena bere gain hartzearen alde egin dezala eskatuko diote Espainiako gobernuari. Era berean, eskakizun hori Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren aurrean defendatu dezala galdegingo diote PPren gobernuari.

Ekimena sinatu duten hamasei senatariek uste dute mandatuaren luzapenik gabe Saharako herritarrek "ezin izango dutela euren iritzia libreki adierazi, ez eta manifestaziorako euren eskubidea gauzatu, ez eta etorkizuneko autodeterminazio erreferendum libre eta justuan parte hartu". Ekimenaren bultzatzaileek gogoratu dutenez nazioarteko zuzenbideak eskubide horiek guztiak bermatzen dizkie sahararrei.

Atzo bertan erregistratu zuten mozioaren bigarren puntuak aipaturiko eskaera Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko Presidenteari helarazi diezaiola galdegiten dio Espainiako gobernuari.

Urko Aiartza senatari subiranistaren ustez, "MINURSOren mandatua luzatzea ezinbestekoa da giza eskubideak bermatzeko". Bere hitzetan, "mandatuaren luzapenik gabe giza eskubideen defendatzaileak espetxeratzen jarraituko du Marokoko gobernuak". Eta gogoratu duenez, "gaur gaurkoz, MINURSO da giza eskubideak bermatzeko ardura ez duten NBEn agindupeko Bake Misio bakanetakoa".

@ehbilducongreso