Espainiako gobernuari Nafarroan muturra ez sartzeko eskatuz Amaiurrek aurkezturiko proposamenari ezetz esan diote besteak beste, PPk, PSOEk eta UPNk.

Bere hitzartzean, Sabino Cuadra diputatuak adierazi du Foru Amejoramendua zaharkitua dagoela eta ez dela Nafarroa eta nafarren eskubide historiko, demokratiko eta sozialak defendatzeko bermea.



Horregatik, norabide aldaketa proposatu du. "Aldaketa politiko eta soziala behar dugu instituzioetan dagoen ustelkeriaren zizka garbitzeko", esan du. Bere ustez, "beharrezkoa" da demokrazia Nafarroako instituzioetan sartzea.

Horrezaz gain, "konpetentzia guztiak izateko eta erabateko autogobernurako Nafarroak duen eskubidea aldarrikatu du Cuadrak. "Nafarroako herritarrak dira, kanpoko esku hartzerik gabe, bizi duten krisialdi larria konpondu behar dutenak", adierazi du.

Lau Guinness errekor

Diputatu subiranistak salatu duenez lurralde historiko legez ezagunak direnen artetik, Nafarroa da bere Estatutua berresteko aukera herritarrei eman ez zaien bakarra. Gainera, Nafarroa da Gobernuko Presidente kopuru gehien inputaturik izan duen lurraldea, bost guztira. Hirugarrenik, Alderdi Popularraren gobernuak lege gehien indarrik gabe utzi duen lurraldea Nafarroa da. Eta azkenik, protesta sozial eta politikoekin lotutako isun gehien duen lurraldea ere, Nafarroa dela gogoratu du Sabino Cuadrak.

Kritika gogorrak PSOEri

Euskal diputatuak martxoan gertaturikoa ekarri du gogora eta gogor kritikatu du PSN eta PSOEren jarrera. "PSNk ez du deus balio PSOEren politikan", esan du.

Ildo horretan, Kataluniari buruzko eztabaidan Alfredo Perez Rubalcabak erakutsitako "fede" federalista eta elkarrizketatzailea kritikatu ditu ere bai.

Cuadrak Nafarroako federazio sozialistarekiko Ferrazen jarrera nabarmendu du. "Nori sartu nahi diozue ziria federalismoaren eta elkarrizketaren goraipamena eginez?", galdetu die diputatu nafarrak PSOEko diputatuei.

@ehbilducongreso